Lekeitioko Udalak eskola publikoko patioan 15 x 25 metroko karpa bat jarri du ikastetxeen arteko azalera erabilgarria handitzeko, nahiz eta oraindik egitura ez den finkoa izango. Etorkizunean ekingo diote egitasmo honi. “Aterpe finko bat eraikitzeko proiektua landuko da. Honetaz gain, hainbat lan egingo dira eskoletan hurrengo hilabeteetan zehar”, azaldutakoaren arabera. Guztira, 95.000 euro baino gehiago inbertituko dituzte.

“Covid-19 pandemia dela eta, hezkuntza jardueraren garapena egokitu behar izan da bizitzen ari garen egoerara, eta neurri ezberdinak aurreikusi dira arriskuak gutxitzeko. Beste batzuen artean, ikasketa zentroetan harremanak ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartu dira, talde egonkor ezberdinak sortu eta hauen artean espazioak ahalik eta gutxien partekatzea bilatu da. Hori horrela, ikasketa prozesua modu egokian lantzeko eta babes neurriak erraztasun gehiagoz betetzeko, ikastetxeetako azalera erabilgarria handitzeko beharra sortu da”, diotenez.

Egitura nagusien artean, karpa egitea ondoeztatu dute Lekeitioko Udaletik, nahiz eta oraindik ez den egitura finkoa izango Nahiz eta Lekeitioko eskola-eremuak, orokorrean, “azalera nahikoa duen talde desberdinak bereiztuta egoteko, eremu guzti horretan soilik 190 metro koadro inguru daude estalita. Azalera hori handitzeko eta ikasle taldeak hobeto bereiztuta izateko, koloretako eskola eta eraikin gorriaren artean 15x25 metroko karpa bat jarri da. Lanak aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko da”, azaldu dutenaren arabera.

Adierazi dutenez, bitartean, “Udal gobernuak Lekeitioko Eskola Publikoko Ikas Komunitatearekin hartutako konpromisoa bete nahian, aterpe finko bat eraikitzeko proiektua idazteko lana martxan du. Eskoletako eraikin bien artean, aterpe finko bat eraikitzea du helburu proiektuak, ikas komunitatearen aspaldiko eskaerari” erantzun nahian. Adierazi dutenez, “karpaz gain, beste hainbat lan egingo dira eskola zentroetan. Eskola Publikoa osatzen duten eraikin bien irisgarritasun, iragazgaizte, eraginkortasun termiko eta segurtasun maila hobetu asmoz lan ezberdinak gauzatuko dira aurten ere.

Itxitura hesia berrizten jarraitu. Iaz hasitako lanak jarraituko dira udan zehar. Hesia aldatzerakoan, tarte horretan dauden oinezkoentzako ate biak ere aldatuko dira.? Koloreetako eraikinaren terrazako karelen altuera handituko da, erabilpen segurua bermatzeko.

Bestetik, inbertsio berriak egingo dituztela jakinarazi dute: koloreetako eraikineko estalkiaren zati baten lamina berria jarriko da uren filtraziorik ez egoteko; eta? koloreetako eraikinaren eraginkortasun termikoa hobetuko da, berokuntza-sistemako elementuak berriztuz. Aipatutako lan guztiek 95.418,83 euroko kostua izango dute.