269 biktima izan ziren, guztira, Gernika-Lumon 1938 eta 1940 urteen artean zabalik mantendu zen Ospitale Militarren hil ziren preso errepublikanoak. Eta “euren memoria geurea era badela” aldarrikatzeko, Pipergorri elkarteak Jose Ibarrola artistak egindako interbentzio-artistikoa aurkeztu zuen atzo, LXXX HMPGG/GGPOM izenburupekoa. Zalloko hilerrian kokatua, eta eraikina itxi zen 80. urteurrenean, ekintza memorialistak hiru adar izango dituela zehaztu zuten: hildakoen izen-abizenak batzen dituen plaka, Ibarrolaren artelana eta etorkizun hurbilean argitaratuko duten liburua. Eta omenaldia, “apur bat beranduago” egingo dena.

Gaur egun Gernika-Lumoko Batxilergo Institutua da eraikina, baina zortzi hamarkada arinago sufrimenduaren isla izan zen. Bonbardaketarik eta hilabete gutxira, 1938. urteko ekainean zabaldu zotuen bere ateak. Bertan 600 gaixorentzako leku zegoen, gehien batez Asturias, Cantabria, Burgos eta Bilboko beste kar-tzeletatik ekarritako gaixo larriak izan zirenak”. Udalerria orduantxe gune “apopostzat” jo zuen frankismoak trenbidea hurbil zelako, beharezko eraikinak soberan zituelako eta bizilagun gutxi zeudelako. Hala azalarazi zuen Gernikazarra historia taldeak -Vicente del Palacio eta Txato Etxaniz izan ziren egileak, zehazki- osatutako ikerketak. Gaixotasun larriekin -tuberkulosia, tifusa, meningitisa, nefritisa...-, asko izan ziren bertan hil zirenak. Eta nahiz eta frankismoaren garaiak bertan gertatutakoa ixilarazi nahi, azken urteetan Pipergorrik hainbat ekimen egin ditu, gertakaria argira ateratzeko helburuaz. “Gure historiaren garai ilun”, Gernika-Lumoko komunitateari “memoriarako gunea” eman nahi izan dietela adierazi zuten Pipergorriko arduradunek. “Euren memoria gure memoria” ere badelako.

“Izenetik izanera, eta izanetik izenera”, lehendabizi zerrenda berritua aurkeztu dute. “Hildakoen memoria gorde” nahi izan dute. Bestetik, Ibarrolaren artelana aurkeztu dute, artistak berak “seinaletzat” jo zuena. “Seinalea da, garrantzitsua dena adierazteko: hildakoen memoria”, gaineratu zuenez. Egindako lanak “zauritutako harria” sinbolotzat duela azaldu zuen, “denborak pixkanaka baden ere zauria orbaintzen duelako. Baina orbaina bertan dago”, eta horrelako gertakariak “memorian gordetzeko beharraz” jardun zen Ibarrola. Biziki eskertu zuen Pipergorrik artistaren aportazioa.

Liburua

Nahiz eta 80. urteurreneko ekimenak iazkoan antolatu nahi izan zituzten omenaldi baten botartez, koronabirusaren pandemiak Pipergorriren nahia zaildu du. Baina ez ixilarazi. “Gure planak beste batzuk ziren, baina bagoaz aurrera”. Etorkizunerako proposamenetako bat ospitale militarraren gaineko ikerketa berritzea da; baita euskaratzea ere. “Erderazko bertsioa badago. Eta katalaneraz itzulitakoa ere, izan ere asko izan ziren bertatik etorri ziren preso eta hildakoak. Orain, euskeraz argitaratu nahi dugu”. “Hildakoen kopurua zehaztu, eta izenak ondo zuzenduta eman bertako dokumentazio-iturriak eta euren jatorriko herrietan lortu duguna gurutzatzea” dute jomuga. Azkenik, omenaldi bat ere antolatzeko lanetan daude.

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkate eta Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak izan ziren atzokoan Zallon, Kultur Etxeko, Bakearen Museoko edota Gogora Institutuko arduradunekin batera. Guztiei eskertu zieten emandako laguntza eta bidelagun izana ospitale militarrean izandako gertakariak argira ateratzen.