Juan Kaltzada kaleko 74 zenbakian daukan astialdi klubeko erabiltzaileekin egon eta jarduerak dinamizatzeko boluntarioak bilatzen ditu Gorabidek. "Izan ere, mota horretako boluntarioei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek hainbat jarduera burutu ditzakete, modu gidatu batean, eta horrek beren gizarteratze-prozesuan laguntzen die", diotenez. Boluntarioek "covid-19aren prebentziorako prestakuntza ere jasoko dute, astialdi programetan aplikatzeko". Gaur egun bada taldea baina berau handitu nahi du erakundeak.

"Pandemiaren ondoriozko murrizketek talde honen jarduerak baldintzatu dituzte, baina kideek ez dute aukerarik galtzen, eta ahal beste gozatzen dute. Konfinamendu perimetrala egon denean, Gernika-Lumotik ibili dira; eta, ahal izan denean, Bilbora eta inguruetara mugitu dira", azaldu du Maite Fernandezek, Gorabideko Astialdi Zerbitzuko zuzendariak. 30 eta 45 urte bitarteko hamabi pertsona dira, eta, Fernandezek dioenez, "talde txikietan elkartzen dira eta segurtasun-neurri guztiak betetzen dituzte".

Gorabideren astialdi klubetan parte hartu duten pertsonek oso modu positiboan baloratu dute esperientzia, maila pertsonalean, zein prestakuntzari dagokionez. "Monitore moduan aritzeko baldintzak denbora pixka bat izatea eta esperientzia ezberdin bat bizi-tzeko gogoa izatea dira", azaldu du Maite Fernándezek. "Emaitza bikoitza da: Adimen desgaitasuna duten pertsonek beren sozializazioa eta bizi-kalitatea hobetzen dituzte, eta boluntarioek esperientzia aberasgarria jasotzen dute", gehitu du.

"Larunbatetan elkartzen dira" Gorabidekoak, "arratsaldeko lauretatik seietara, eta hainbat jarduera burutzen dituzte: paseoan ibili, Lizeoan film edo antzezlanen bat ikusi, zerbait hartu, erakusketak bisitatu€ Esperientzia aberasgarri eta ezberdina bizi nahi baduzu, Gorabideko Astialdi Zerbitzuarekin jar zaitezke harremanetan, 94 443 12 10 telefonoan, edo tiempolibre@gorabide.com emailean", azaldu dute.