Pandemiak hainbat eragin sortu ditu egunerokotasunean. Baita hondakinen kontuetan ere. Bermeoko Udalaren iazko datuen arabera, oro har bizilagunek hondakin gutxiago sortu zituzten, martxoan eta apirilean izandako itxialdia dela medio. Bermeotarrek zarama gutxiago sortu zuten, zehazki 2019an baino %2,91a gutxiago. Bermeoko Zerbitzuetako zinegotzi Idoia Platasek esan duenaren arabera, "izan dugun pandemiak eta honek ekarri duen itxialdiak zuzeneko eragina izan du hondakin bilketan. Datuek erakusten dute martxoan eta apirilean bizi izan genuen itxialdiak hondakin gutxiago sortzea ekarri duela".

Datuak, hala ere, atalka sailkatu behar dira. Eta sastarrei dagokienez, iazkoan 4.624.497 kilo batu ziren, "2019an baino %3,9 gutxiago". Eta Udalak organikoaren alde egindako apostuak emaitza positiboa eman du, izan ere 152.030 kilo batu ziren, aurreko 2019an baino %125,60 gehiago. Hala ere, udal agintariek ohartarazi dute "kontuan hartu behar da zerbitzu hau berria dela eta 2019ko uztailean hasi zela". Azkenik, 455.248 kilo beira jaso zituzten -13,74% gutxiago-; 469.412 kilo paper eta kartoi -%11,58 gutxiago-; 355.193 kilo ontzi, 2019an baino %14,93 gehiago; bolumen handiko hondakinen koporua 208.580 kilokoa izan zen -%1,06 gutxiago-; 46.036 kilo arropa jaso zituzten -3,04 gehiago zehazki-; eta azkenik 15.280 litro olio jaso ziren, 2019an baino %18,27 gehiago.

Hondakin bilketaren datu gordinez gain, Udalak garbiketa hobekuntzen "balorazio positiboa" egin du. Izan ere, iaz, besteak beste, herriko sastar eta paper eta kartoiak batzeko kontenedoreak berritu ziren, kaleak eta izkina garbitzeko hidrogarbigailu zerbitzua martxan jarri zen eta kontzientzia sortzaileak kontratatu ziren herritarrengan garbitasunaren, bizikidetzaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia piztu eta eduki ditzaketen zalantzen gainean informatu eta laguntzeko. "Honela, Bermeo garbi helburu estrategikoan hainbat pausu garrantzitsu eman" zirela nabarmendu dute.

Helburu estrategikoa

"Udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da herri garbi eta bizitzeko atseginagoa izatea. Herritarrek ere hala adierazi digute bai udaletik egindako parte hartze prozesuetan eta baita herritarren artean egindako asebetetze inkestan ere", gaineratu du Aritz Abaroa alkateak. Hainbat izan dira emandako pausoak, baina Abaroak zenbait nabarmendu nahi izan ditu. "Gaur egun kontenedore berriak ditugu, periodikoki sistema berri batekin garbitzen direnak, eta askoz ere erosoagoak eta garbiagoak dira. Herriko ahuleziak eta arazo guneak identifikatu genituen eta berrantolaketa bat egin genuen. Kasu batzuetan edukiontzi guneak berrantolatu egin ziren eta, beste batzuetan, guneak kontenedore berriekin indartu ziren". Bestetik, hidrogarbigailuen lanaz ere oharatazi du.

"Emaitzak begi-bistakoak dira. Izan ere, langileek euren lana askoz ere modu efizienteagoan egin dezakete eta, honek, zuzeneko eragina du herriko kaleen garbitasunean. Gainera, sastarrak batzeko eta organikoa biltzekoa kamioi berriak ere lanean ditugu duela zenbait hilabetetik hona. Azkenik, herritarrengan garbitasunaren, bizikidetzaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia sortu eta gai horien inguruko informazioa eskaintzeko bi kontzientzia sortzaile kontratatu ditugu, herriko gazte bi laneratuz". Kon-tzientziatzaileen lana, besteak beste, "kartoiak kontenedorera tolestuta botatzearen garrantzia azaltzea da, merkatariei udalak eskaintzen dituen atez ateko bilketa zerbitzuen gaineko informazioa eskaintzea, herritarrei elkarbizitza kaltetzen duten jarrera desegokiak ekiditeko gomendioak ematea€ Kontzientzia sortzaileen programa hau iaz jarri zen lehengoz martxan eta balorazio oso positiboa egiten dugu".