Nahiz eta covid-19 kasu positiboen kopuruak behera egin duen azken egunetan, Markina-Xemeinen ere neurri gogorrak hartuko dituzte. “Honek ez du esan nahi ondo gaudenik”; Udalaren esanetan, ”segurtasun neurriak betetzen eta arduraz jokatzen jarraitu behar dela jakinarazi dute. Toki-admibistrazioak orain gutxi hartu zuen “jaiak eta ospakizunak bertan behera” uzteko erabakia, “gutxienez, maiatzaren 9ra arte”. Beraz, igandean ospatzekoak ziren Aratusterik “ez da izango”.

“Udaletik eskatzen da jaiekin zerikusia duten ekintza eta ospakizunak ekidieta, herrian egoera berriro ere okertu ez dadin. Izan ere, ezin gara bueltatu oraintsu egon garen egoerara, kutsatze kopuru eta intzidentzia-tasa hain altuetara”. Hala ere, eta gune laranjan izanik, tabernak eta jatetxeak berriro zabalik daude. Kutsatzeak ekiditea “denon ardura dela” gogorarazi dute. “Batetik, ostalariena, euren negozioetan segurtasun neurriak betetzen direla bermatu behar dutelako: %50eko edukiera, mahaien arteko distantzia, higienea… Eta, noski, bezeroena: eserita kontsumitzea, lauko taldeak gehienez, maskara, distantzia... Guztiona da indarrean diren neurriak betetzeko ardura, berriro ere ostalaritzaren sektorea kaltetu dezakeen neurririk hartu beharrik egon ez dadin”.

“Herritarron osasuna de orain lehentasuna. Osasuna zaintzen badugu, beste guztia ere norabide onean bideratu ahal izango dugu, baita bizi dugun egoera ekonomiko larria ere. Etorriko dira garai hobeak”.