- Jada onartuta, EAJ eta EH Bilduren aldeko bozkekin, Etxebarriak badu aurtengorako aurrekontua. 1,2 milioi euro izango ditu Udalak, "hauteskundeetan aurkeztutako programari jarraipena emateko", Jesus Iriondo alkateak adierazitakoaren arabera. "Iazkoarekin alderatuta berdintsua, izan ere %3,7 bajatu da, eta errealista, gaur eguneko egoerara egokitua", toki-administrazioak hainbat inbertsio egitea aurreikusi du. 263.000 euroko partida adostu dute hobekuntzak egiteko, besteak beste eskolako guneko zerbitzuak hobetzeko, Haurreskolan konponketak egiteko, baserrietarako bideak konpontzeko, ur-sarea handitzeko, frontoiaren eraberritzearen hirugarren faseari ekiteko edota Splash parkearen igarren fasea egokitzeko.

Inguruko hainbat udalerrik aurrekontua asko murriztu dute. Ez da Etxebarriaren kasua izan. "Ia 50.000 euro gutxiago izango dugu", dio Iriondok, "baina egoerara moldatzen saiatu gara. Koronabirusak diru-sarrerak murriztu ditu", azaldu du, baina Udalak sarrerak dirulaguntzen bitartez oreakatu nahi izan ditu. Eskola gunea hobetzea izango da jardunbide nagusia datorren urteotan. "Soberakinetatik 50.000 euro jartzea espero dugu. Eta etorkizunerako ere 100.000 euro jartzea adostu dugu. Konpromiso hori hartu dugu". Inbertsioez aparte, eta herria eskualde mailako zenbait erakunderen parte denez -Amankomunazgoa, Garapean Agentzia€- kostuak ere handiak dira. Besteak beste, zabor bilketan 73.000 euro gorde dituzte, zerbitzu sozialetan ere beste 107.000 euro -azken bi hauek Amankomunazgoaren eskuko zerbitzuak izanda-, gastu orokorretarako 15.000 euro, garapen agentziaren funtzionamendurako beste 17.000 euro€ "Guztira 338.000 euro jarri ditugu kapitulu honetan", dio.

"Zenbaki oso errealistak dira gure aurrekontuarenak, aldez aurretik ezarrita genituen helburuetara egokituak. Bai, urte latza izan da 2020a, eta 2021a ere ez da erraza izango. Baina aurrekontuak egoerari vuelta ematen laguntzea espero dugu", gaineratu du Iriondok. Alkateak ere alderdi politikoen artean izandako ulermen maila goraipatu du. Bestetik, iazkoan koronabirusaren pandemiagatik geldi geratutako zenbait proiektu ez ditu atzean utziko Udalak. "Pixkanaka joango gara egiten", dio. "Aurtengoak eta iraganekoak aurrera ateratzen saiatuko gara. Badira batzuk exekuzioan -Splash parkea, adibidez- eta beste batzuk aurki hasiko direnak".