- Inguruko udalerrietan gertatzen ez den bezala, Gautegiz-Arteagako Udalak ia diru-kopuru berdintsua izango du jaio berri den 2021ean, iazkoarekin alderatuta. Toki-administrazioak 960.000 euroko aurrekontua onartu zuen 2020ko azken Osoko Bilkuran. Gobernu-taldearen helburua “bizilagunen ongizatea etengabe hobetzea” dela adierazi dute.

“Udalaren egoera ekonomikoa ona da, ez dugu likidatu beharreko mailegurik eta diru-sarrera arruntek gastuak gainditzen dute; beraz, soberakin bat izango dugu inbertsio gastuak finantzatzeko”, Juan Felix Naberan alkateak hala adierazita. “Gainera, 2020ko aurrekontua likidatu ondoren, diruzaintzako gerakin bat lortzea aurreikusten dogu, 2021eko aurrekontua aldatzeko eta inbertsio errealak handitzeko aukera emongo digu”. Izan ere, onartutako aurrekontuaren zirriborroari dagokionez, inbertsio errealen kapitulua -obta eta egitasmo nagusiak batzen dituena- ez da oso altua, 98.000 euro ingurukoa.

“Aurrekontua egiteko, alderdi politikoek egindako proposamenak hartu dira kontuan. Herriaren hobekuntza urbanistikoagaz jarraitzea, herrian bizitza, batasuna eta ongizatea sortzea eta kultur eta kirol jarduerak sustatzea bilatzen daben kontuak “, esan du Naberanek. Lehentasunezko zerbitzuak mantentzeak, hala nola gizarte-zerbitzuak eta uraren hornidura eta saneamendua eta hondakinen bilketa eta kudeaketa, diru-partida garrantzitsua eta beharrezkoa suposatzen dau, 114.877 euro guztira. “Udalerriaren eredua Gautegiz Arteagako bizilagunen egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokitzeko, 15.000 euro bideratuko dira hirigintza-plangintzara; bide-seinaleztapena hobetuko da (18.000 euro); udal-eskolaren azpiegiturak hobetuko dira (20.000 euro) eta plaza birmoldatzeko proiektua egingo da (18.000 euro). Halaber, 10.000 euroko partida bat bideratu da Zelaieta kaleko erdigunean lurzorua lortzeko.

Ekintza soziokulturalek, berriz, partida garrantzitsuak jasotzen dituzte: kultura-sustapena (28.000 euro), herriaren dinamizazio soziokulturala (20.000 euro), Kultur Etxeko zerbitzua (16.499 euro) eta haurrentzako udaleku-negulekuak (20.000 euro). Azkenik, 20.000 euro ere bideratuko dir Urdaibai Bird Centerrera.