Gaur amaitzen den eragozpenez betetako 2020 urteak ez du Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren jarduna geldiarazi. Aurtengoaren balantzea egin zuten atzo erakusketa zentroko arduradunek. Bisitari kopuruari dagokionez, "jaitsiera handiari ahalik eta hobekien" eutsi diotela azalarazi dute. Izan ere 2019an 53.000 gora pertsona jaso ostean, historiako daturik onena dena, aurtengoan 13.065 bisitari iritsi dira Foruen plazan kokatutako eraikinera. "Duela 20 urteko zifretara itzuliz", adierazi dutenez, museoaren hasiberri zenean.

"Jaitsiera horretan covid pandemiak erabateko eragina izan du, eta, horren ondorioz, museoa itxita egon behar izan da martxoaren erdialdetik maiatzaren amaierara arte, hainbat aldiz mugatu zaiolarik edukiera zerbitzu guztietan", diotenaren arabera. Izandako eragozpenek, hala ere, "ez dute geldirazi Bakearen Museoko taldearen lana, eta, hala eta guztiz ere, oso aktibo jarraitu du, berehala ezarri zituelarik irekitzeko beharrezkosegurtasun-neurri guztiak", martxo partean ateak itxi izan behar zituztelarik. Bada, museoak ekainaren 1ean ateak berriz ireki zituen.

Zortzi izan dira Bakearen Museoko ardurdunek nabarmendu nahi izan dituzten kontuak, 2020an egikaritu direnak. Lehena, "museoko zerbitzuak mundu digitalera egokitzea". "Azkar eta bizkortasunez egindako prozesua izan da. Bigarrenez, erakundeak kanpoko ibilbide gidatuak jarri ditu martxan, Memoritour Gernika izenburupean. Eskainitako datuen arabera, arrakasta izan dute. Izan ere "381 ibilbide eta 2.657 pertsona baino gehiagok parte hartu dute"; eta hiru ibilibide berezi astreiantu dituzte aurtengoan. Abian jarritako proietuak ere ugariak izan dira, Europa mailan diharduten beste erakundeekin lankidetzan. Bestetik, "hezkuntza-baliabide eta baliabide didaktiko berriak on line egiteko prestakuntza" ere zehaztu dute.

Aipagarri duten bosgarren kontua museoaren erakusketa iraunkorra, asteko egun guztietan irekita" edukitzea izan da. Oroimenerako Binetak izenburupeko erakusketak ere arrakasta izan zuen; baita Eusko Jaurlaritza erbestean eta Komikiak eta Gerra Zibila erakusketa bibliografikoek ere. Azkenik, Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroak bere jarduna mantentzea lortu duela goraipatu dute.