Azken urteetan egindako indusketa arkeologikoek hainbat aurkikuntza azalarazi dituzte. Era berean, erakunde publikoek ere aitortza eman diote, eremu babestu tankerakoa. Baina Lekeitiok urrats berria eman du Garraitz irlaren berreskuratze lanetan. "Uhartea balioan jartzeko aurrerapausoak ematen ari da Udala", azaldu dute toki-adeministrazioko arduradunek, eta horretan funtsezkoa da eremuaren itsas ondarea eta bertan dauden eraikuntza-elementuak babestea eta kontserbatzea. Bada, Atabaka elkartearekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, aurki hasiko dira exekuzio-proiektuarekin lanean.

Horretarako Lekeitioko Udalak eta kontratu bat sinatu dute, datozen urteetan martxan jarriko dena. "Lan hau Garraitz 25 egitasmoaren barnean kokatzen da, uharteko ondare balio garrantzitsua duten elementuak dokumentatzea eta balioa emateko asmoa izanik". Jomuga 2025 urtean dute jarrita, eta "Lekeitioren 700. urteurrenerako amaituta izatea" da helburu nagusia. Proiektu honen bidez, uharteko aurriak babestu eta berreskuratu ahalko dira, izan ere, aparteko balioa duen paisaia osatzen dute Euskal Itsas Ondarearen barruan". Utzita egoteak eta mantentze faltak elementu ezberdinak "pixkanaka hondatzea eragin du, eta Lekeitioko Udalean eta herriko kultur elkarteen artean interes berezia sortu da uharte honi bere iragana itzultzeko. Itsas ingurune berezi hori berreskuratzeko eta balioesteko plan bat ezartze aldera, exekuzio-proiektua garatzen ari dira".

Hainbat izan dira Garraitz irlan (San Nicolas moduan ere ezaguna dena) azken urteetan egindako lanak. Bai iondusketei dagokienez, Atabaka eta Aranzadiren eskutik, eta baita babeserako neurriak ezarriz, erakunde publikoen eskuetan geratu den jarduna. Garrantzitsuena izan liteke Parke Arkeologiko izendapena, iaz egin zena. Orduantxe Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Garraitz uharteari "Parke Arkeolgiko izaeraren aitorpena" egin zion iazkoan. Azaldutakoaren arabera, "aitorpen honek, irlako ondarea hobeto zaintzeko tresnak eman ditu, Garraitzeko ingurua, eraikuntza-elementuak eta landaretza babesteko kontserbazio espazioa sortuz. Horrekin, gunean bertan aurkitzen diren iraganeko aspektuak ikertu eta gizarteari komunikatzeko erraztasunak lortu dira", Udaletik adierazi dutenez.

Aztarna ugari

"Tamainari dagokionez txikia izan arren (6,50 hektarea) eta itsasoarekiko 50 metroko altuerara baino egon ez arren, bere hegaletan, ondare natural eta kultural aberatsa dauka eta horregatik erreferentea da euskal itsasertzean". Hala izanda, arkeologia-lanek aztarnak errekuperatzea ahalbidetu dute. Sekuentzia historiko luzea duen irla izanik, eta arrasto ugari duena, "Erdi Aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira (XIV-XIX. mendeen artean" adituen esanetan, Lekeitioren historian berebiziko garrantzia izan du Garrai-tzek. Izan ere, gunea mendeetan zehar okupatua izan da, funtzioa desberdinentzako. Ikerketa-lan ugari egin dira, eta hauek "aztarna ugari daudela egiaztatu da". Aranzadiko Alfredo Moraza adituak gidatuta, eta bolondresen lanarekin, "Garraitz zeharkatzen duen bidean, hiru gune desberdinetan kokatuta, tipologia eta kronologia desberdinei dagozkien egiturak" daudela zehaztu dute, hiru gune ezberdinduz: "Hasierako gunea, San Nikolas ermita eta Frantziskotarren komentua; irlako tontorra, sektore zentraleko gotorlekuak; eta irlako muturra, multzo gotortua".

Ondareaz aparte, gune botaniko berezia da Lekeitioko irla. "Parke Arkeologiko izendapena lortu ondoren, uharteko flora eta fauna zehaztendituen txosten botanikoa gauzatu zen" orain dela gutxi, "bertako landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko eta mantentzeko kudeaketa ereduak proposatuz".

Ondarea

Uhartean aurkitu diren aztarna arkeologikoen egiturak Erdi Aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira (XIV-XIX. mendeak). Aztarnak zera konfirmatzen dute: Garraitz erabilia izan dela mendeetan zehar.

Botanika

Uharteko flora eta fauna zehazten dituen txosten botanikoa gauzatu da, "landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko".

Parkea

Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Garraitz uharteari "Parke Arkeolgiko

izaeraren aitorpena egin zion", kudeaketa arloan aurrerapauso dena.