Egunerokotasuna goitik behera aldatu du koronabirusak. Eta makroekonomiaren zenbaki marduletatik haratago, Euskadiko bizilagunen beharrizanak txarrera jo dute. Hainbat udalerritan gertatzen den fenomenoa da, baita Markina-Xemeinen ere. Baina bada Lea-Artibaiko herriaren sostengurako burubelarri lan egiten duen elkartea: Markina-Xemeingo Elikagaien Bankua, hilero-hilero ia 300 pertsonak elikagaiak izatea ahalbidetzen duena. Elkartea, bolondreski, detektatzen diren beharrizanak asetzeaz arduratzen da.

Aspaldi hasi zuten euren lana, “orain dela 20 urte inguru edo”, lehendabizi Jose Felix Zamakona abadearen eskutan zena, eta elizari lotuta zena. Zamakonak jarritako hazia tinko loratu zen, eta gaur egun hamar pertsona inguruk osatzen dute taldea, Tomas Ibaibarriaga delarik arduradun nagusia. Udaleko langile, lehendabizi elikagaiak ba-tzen zituen -kamioi baten lagun-tzaz- eta urteak pasata erakundearen pertsonai nagusienetekoa bihurtu da, Lea-Artibaiko eskualdean bai behintzat. “Bolondres egiten dugu lan, bakoitzak ahal duen heinean”, diotenez. Eta gustora egiten duten lana dela aitortzen dute, nahiz eta “egoerak okerrera egin duen azken hilabeteetan. Pandemia egoera sortu zenetik, eta batez ere konfinamendu egoeran -martxo eta apiril aldean-, ekonomi krisialdiak asko zaildu. Jende asko langabezian geratu zen, edo ezkutuan egiten zuten lan gabe geratu ziren. Ikusten duguen fenomenoa da, ez digu inork kontatu behar. Gero eta jende gehiago dator Abadetxera -Xemeingo elizaren alboan dagoen eraikinera-, banaketa egiteko dugun txokora”. Hori dela eta gero eta eskakizun gehiago kudeatzen dituzte. “Ezin genuke zifra bat eman, baina gero eta eskasago gabiltza”.

Esperantza

Bizkaiko Elikagaien Bankuak ireki duen kanpainarengatik, “itxaropentsu” dira markinarrak. “Espero dugu apalak betetzea, beharra dutenei elikagaiak banatu ahal izateko. Ez bakarrik Markina-Xemein mailan, baita Bizkaia osoan ere”. Izan ere, “gure lana askotan beharrezkoa izaten da. Jendeak ez badu zer janik, nolako bizimodua izango dute?”, galdetzen dira euren buruei. “Oinarrizkoa da elikagaiak izatea”, azaltzen dute. Bolondresei dagokienez, jende gaztea sartzea ere beharrezko dute. Horretarako urtero joaten dira inguruko eskoletara, “gazteenei gure jarduna esplikatzeko. Eta pozgarria da”. “Gutariko asko jubilatuak gara, edadekoak. Eta saiatu, saiatzen gara, baina askotan jendeak badu gaixotasunen bat, zereginen bat...”, azaltzen dute. “Hala ere, hamarren bat pertsona aritzen gara bertan, eta ondo dago. Eta baditugu ere beste laguntzaile asko, beharra dugunean gurera bertaratzen direnak. Edo norbait ordezkatzeko prest agertzen diren markinarrak ere badaude. Pozik gaude dugun lagun-tzarekin”. Baina norbaitek lagundu nahi badu, “lekua duela” ziurtatzen dute. Ongietorriak izango dira.

DEIA eurekin batzartu da, euren lanaz jarduteko. “Hemen denok gara bolondres”, diotenez. Eta bakoitzak badu bere eregina. Mankomunazgoko gizarte zerbitzuak egindako zerrenda eskuan dutela, “ordu asko ematen ditugu poltsak egiten. Oinarrizko elikagaiak dituzte, edozein familiak erabilgarri lituzkeenak”. Pasta, arroza, gailetak, atuna... “Denetarik ematen saiatzen gara”, diotenez. Bolondresek argi eta garbi dute “Markina-Xemein oso herri solidarioa” dela. “Beti somatu dugu herritarrak laguntzeko prest direla, eta hori laguntza ikaragarria da. Baita gazteak ere. Joan izan gara ikastetxeetara eta beti dira laguntzeko prest”. Udalaren aldetik ere prestutasuna jaso dute, “guretzako oso pozgarria dena”.

“Gero eta jende gehiago dator Abadetxera, banaketak egiteko dugun txokora”

Markinako Elikagaien Bankua