BERMEO. Azkenaldian, eta urteak pasa ahala are gehiago, sare sozialak gero eta garrantitsuagoak izan ohi dira pertsonen eguneroko bizitzan. Hori dela eta, Busturialdeko institutuetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 220 ikaslek sare sozialen erabilera egokiari buruzko doako tailerrak jasoko dituzte. Guztira hamabi tailer eskainiko dira, eta koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, gelaz gela egingo dira. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako 'Gaztedi Busturialdea' programaren barruan dato antolatuta.

Bermeoko Ignacio Arozena institutuan lau tailer emango dira. Horietan 80 gaztek parte hartuko dute eta abenduaren 1ean eta 4an izango dira. Bi orduko tailerrak izango dira eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu, azken urteetan bezala.

Gernikako BHIn sei tailer emango dira. Horiek ere abenduan izango dira, hilaren 9a eta 11a bitartean, hain zuzen. 111 ikaslek parte hartuko dute. Barrutialde Institutuko tailer biak, berriz, pasa den azaroaren 4an burutu ziren. Horietan 30 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Tailer horien helburuak honakoak dira: sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.

Tailerrak DBH1eko ikasleei (12 urte) bideratzea planteatzen da, adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Youtube, Tik Tok eta bestelako sare sozialetarako sarbidea duelako eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituztelako.