Igande honetan ziren Gaztelugatxeko kostaldera joatekoak, bertako ingurunea garbitzeko. Baina urriaren 4rako datozen euri zaparradek, haize bolada indartsuek eta itsasoaren zatarraldiak bertan behera utzi du hitzordua. “Segurtasun osoz ospatzerik eza dagoenez, an-tzolatzaileek data aldatu dute. Bada, urriaren 17an egingo dutela jakinarazi dute Lurgaia Fundaziotik eta Bermeoko Udaletik.

“Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara ekarritako hondakin guztiak kentzea; hala nola botilak, kutxak, plastikoak, sareak, sokak… Ekimen honekin kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi da”, antolatzaileek adierazitakoaren arabera. Eta Lurgaia Fundazioak azaldu duenez, “igande honetarako 50 bat pertsonak eman dute izena”. Data aldaketak, hala ere, aukera berria emango die izena eman ez dutenei eta urriaren 17an, larunbatean, izena eman nahi dutenei. “Materiala eta garraioa antola-tzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi duten boluntarioek izena ematea info@lurgaia.org posta elektronikoan”.

Neurri bereziak

Segurtasun neurri gutiak beteko dituzte jardunaldian parte hartzen duten pertsonek. “Segurtasuna bermatzeko 10 pertsonako taldeak egingo dira eta, gainera, boluntarioak kala osoan zehar zabalduko dira, denbora guztian segurtasun-tartea mantenduz. Horrez gain, maskara nahitaezkoa izango da lanaldi osorako”, antola-tzaileen esanetan. Bestetik, “aurtengo egoera berezia dela eta, ez da poltsarik ezta urik banatuko. Hau dela eta, boluntarioei etxetik ura ekar-tzeko gomendatzen zaie”.