- Bizi dugun osasun "egoera larriaren aurrean", Lekeitioko Jai Batzordeak eta Antzar komisioak, Udalarekin eta beste eragilerekin batera, San Antolinak eta Antzar eguna ez ospatzea erabaki dute". Jakina zen festarik ez zela izango, baina inguruko udalerrietan gertatutakoak ez dituzte errepikatu nahi lekeitiarrek. Hori dela eta, irailaren 5ean, Antzar Egunean, udalerria "itxiko" dutela zehaztu dute, aurreko egunetan hasiko direlarik kontrolak areagotzen. Hainbat erakunderekin partekatutako zaintza-dispositiboa osatuta, "debekatuta dago pertsonak eta ibilgailuak udalerrira sartzea. Lekeitiorako sarrera itxita egongo" dela zehaztu zuten atzokoan Udaleko ordezkariek.

Milaka pertsona batzen dira Lekeition, irailaren 5ean ospatzen den Antzar Egunean. "Egun horretan Isuntza eta Karraspio hondartzetara etorri nahi dutenak ere ezingo dira sartu Lekeitiora". Bestetik, "portua itxita egongo da mota guztietako ontzientzat" eta "ez da egongo Lekeitio helmuga edo jatorri duen garraio publikoko zerbitzurik". Egun horretako ekitaldiak bertan behera utzita, erabaki gogorra da berau, lekeitiarrek hartu nahi ez zutena. "Jende pilaketak saihestu eta herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin hartutako erabakia da hau. Erabaki gogorra da, baina beharrezkoa covid-19aren hedapenari aurre egiteko eta denon osasun ona lehenesteko".

"Eragileek herritarrei deia egiten diete erantzukizunez jokatzeko eta inolako jairik ez egiteko egun horietan zehar. Etorkizun osasuntsua izateko, beharrezkoa da orain, inoiz baino gehiago, arduraz jokatzea. Are gehiago ikusi dugunean inguruko herrietan jaiak ospatu ez badira ere, asko izan direla bertara joan eta kutsatu direnak jai egunetan", diotenez. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere, prest dira osasun-neurriak beterazteko. "San Antolin jaietan zehar eta, bereziki irailaren 1ean eta 5ean, taberna, jatetxe eta txokoetan kontrol zorrotzak egingo dira araudia betetzen daudela ziurtatzeko. Lekeitiotik kanpo bizi diren guztiei ere deia egiten zaie egun horietan mesedez ez etortzeko". Txokoei dagokienez, Udalak zarratzeko eskaria egin die bazkideei. "Erabakia irekitzea bada", hartu beharreko neurriak bete dotzatela erregutu dute. Hau da: aforoa kontrolatzea, pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentze, musukoa eramatea, ixteko ordutegia betetzea edota erretzeari buruzko debekua.

Antzar Egunerako ezarritako debekuez gain, aldez aurretik jendetzak saihesteko neurriak hartuko dituzte. Izan ere "irailaren 4an, ostirala, Lekeitioko udalerrian ibilgailuen sarrera murriztea, arratsalde-gau partean. Udalerrian bizi diren pertsonak, udalerriko enpresetako langileak edo turismo establezimenduetan erreserbak dituzten pertsonak bakarrik sar daitezke ibilgailuetan". Zaintza-dispositiboa hainbat erakunde publiko eta elkartek osatu dute. "Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko garraio sailak, Bizkaibus, Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura sailak, Portuetako zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak" bate gin dute Udalarekin. "Horietaz gain, Lekeitioko kofradia, Leakai Lekeitioko portu erabiltzaileen elkartea, Kitto Merkataritza elkartea, ostalaritza eta jatetxeen ordezkariek eta turismo ostatuen ordezkariek konpromezua hartu dute segurtasun neurri bereziak jarraitzeko eta herritarren osasun ona bermatzeko".

Udaleko alderdi politikoak ere bate gin dute. EAJ eta EH Bilduk, adierazpen bateratua egin dute "herritarrei deia eginez jaiak ez ospatzeko eta erantzukizunez eta arduraz joka-tzeko". San Antolin jaiak 2021ean ospatu ahal izateko, beharrezkoa da orain arduraz jokatzea eta Udalak "konfiantza osoa du lekittarren erantzukizunean eta sen onean".

Irailaren 4an. Lekeition ibilgailuen sarrera murriztuko dute, arratsalde-gau partean. "Udalerrian bizi diren pertsonak, udalerriko enpresetako langileak edo turismoestablezimenduetan erreserbak dituzten pertsonak bakarrik sar daitezke".

Antzar Eguna. Herria itxita, "portua edozein ontzirentzat" zarrratuko dute eta ez da egongo garraio publikoko zerbitzurik.