LEKEITIO. Koronabirusaren pandemia dela eta, Lekeitioko Jai Batzordeak eta Antzar komisioak San Antolin jaiak eta Antzar eguna bertan behera uzteko erabakia hartu dute, Lekeitioko Udalarekin batera. Horrez gain, Lekeitioko Udala osatzen duten bi alderdiek - EAJ eta EH Bildu - adierazpen bateratua egin dute herritarrei deia eginez jaiak ez ospatzeko eta erantzukizunez eta arduraz jokatzeko. Hau da, ez da egongo inongo ekitaldirik.

Eragile hauek herritarrei deia egiten die erantzukizunez jokatzeko eta inolako jairik ez egiteko egun horietan zehar. Etorkizun osasuntsua izateko, beharrezkoa da orain, inoiz baino gehiago, arduraz jokatzea. Are gehiago ikusi dugunean inguruko herrietan jaiak ospatu ez badira ere, asko izan direla bertara joan eta kutsatu direnak jai egunetan. Jende pilaketak saihestu eta herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin hartutako erabakia da hau. Erabaki gogorra da, baina beharrezkoa covid-19aren hedapenari aurre egiteko eta denon osasun ona lehenesteko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko garraio sailak - Bizkaibus, Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura saila - Portuetako zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, Lekeitioko Udalarekin batera, segurtasun dispositibo berezia antolatu dute. Horietaz gain, Lekeitioko kofradia, Leakai Lekeitioko portu erabiltzaileen elkartea, Kitto Merkataritza elkartea, ostalaritza eta jatetxeen ordezkariek eta turismo ostatuen ordezkariek konpromezua hartu dute segurtasun neurri bereziak jarraitzeko eta herritarren osasun ona bermatzeko.

Honetaz gain, segurtasun neurri bereziak egongo dira egun horietan zehar:

Irailaren 4an, ostirala, Lekeitioko udalerrian ibilgailuen sarrera murriztea, arratsalde-gau partean. Udalerrian bizi diren pertsonak, udalerriko enpresetako langileak edo turismo-establezimenduetan erreserbak dituzten pertsonak bakarrik sar daitezke ibilgailuetan.

Irailaren 5ean, larunbata: Lekeitioko sarrerak zarratzea. Debekatuta dago pertsonak eta ibilgailuak udalerrira sartzea. Lekeitiorako sarrera itxita egonda, egun horietan Isuntza eta Karraspio hondartzetara etorri nahi dutenak ere ezingo dira sartu Lekeitiora.

Lekeitioko portua itxita egongo da mota guztietako ontzientzat

Ez da egongo Lekeitio helmuga edo jatorri duen garraio publikoko zerbitzurik.

San Antolin jaietan zehar eta, bereziki irailaren 1ean eta 5ean, taberna, jatetxe eta txokoetan kontrol zorrotzak egingo dira araudia betetzen daudela ziurtatzeko. Lekeitiotik kanpo bizi diren guztiei ere deia egiten zaie egun horietan mesedez ez etortzeko.