BERMEO. Gaur goizean, hilak 27, osteguna, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzearen inguruko alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari.

Orain hilabete, Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeko prozesua hasi zuen. Egun horretatik aurrera, alegazioak aurkezteko epealdia ireki zen. Orain egun batzuk, Bermeoko Udalak horren inguruko alegazioak aurkeztu zituen, lekua dagoen moduan kontserbatzea eta bere historia eta berarekin lotutako ohiturak ez direla aldatuko edo galduko zaindu behar duen arduradun nagusi moduan.

Beste ezer baino lehen, 2. gunea izenekoaren mugak handitzeko eskaria egin dio Jaurlaritzari. Espedientean adierazten denez, itsasoko eremu bat eta lehorreko beste bat ditu. Zehatzago esanez, Bermeoko Udalak, kultur ondare materialaren elementu hauek sartzea eta aipatzea eskatzen du: Goiko begiralekuan dagoen Begoñako Amaren entronazioaren monolitoa; Néstor Basterretxearen monumentua, Talaieroa eta Gerra Zibileko kanoien bateria eta Matxitxako Faroa eta zetazeoak ikusteko gunea.

Horrez gain, Udalak bere alegazioetan jasotzen duenez, espedientean San Juan Degoilatuaren jaiegunari (abuztuaren 29a) buruz berba egiten denean, Udalaren protokoloa aipatu beharko litzateke; Bermeorentzat balio handikoa den kultur ondareko beste elementu bat, 1645ekoa, eta 2016ko abuztuaren 9ko BAOn jasotakoa. Modu berean, Gaztelugatxeko San Juango boluntarioen Elkartea beren-beregi aipatzea eskatzen da, inguruaren balio historiko-kulturala deskribatzen eta nabarmentzen den atalean, boluntarioek osatutako elkarte hori izan delako 1978ko urriaren 10an izandako sutearen ondoren ingurua zaintzeaz eta kontserbatzeaz arduratu dena.

Orain egun batzuk erregistratu den espedientean, Bermeoko Udalak azpimarratu egiten du bere eskumena dela, beste gauza batzuen artean, Gaztelugatxeko San Juan eta berarekin erlazionatutako kultur ondareko elementu guztiak behar bezala zaintzen direla bermatzea; eta leku horretan edo inguruan egin beharreko edozein jarduerak udalaren adostasuna behar duela, bertako irudia kontserbatu ahal izateko.