Herriaren ondarearen zaindari lanak egiten dituen Atabaka Elkarteak auzolan jardunaldiak deitu ditu abuztuaren 18an, 19an eta 20an Lekeitioko Garritz irlan. Abuztu partean hala izan da azken urteotan, eta oraingoan ere auzolan tankeran indusketa arkeologikoak egiteko proposamena luzatu dute. “25 edo 30 pertsona batzeko” deia egin dute, beti ere koronabirusak eragindako osasun-larrialdiak inposatutako neurriak betez. Arkeologoak beraz bueltan izango dira datozen egunetan, iraganean egindako zundaketa lanekin jarraitzeko. Ekimena Garraitz 25 delako proiektuaren baitan kokatzen da.

“Aranzadi elkarteko bi arkeologo izango dira gidaritza lanetan”, Atabakatik zehaztu dutenez. “Baina, osasun neurriak betearazteko, launakako taldeetan arituko gara distantziak mantentzeko. Talde txikietan arituz irlan zehar indusketa lanak egiten ditugun heinean, gainera, lurzoru handiagoa hartzeko aukera izango dugu”, gaineratutakoaren arabera. Musukoa eta segurtasun distantziak beretzea ezinbestekoa izango dira. “Auzolanean arituko gara, baina segurtasun-arau guztiak beteta”. Gainera, eta beharrezkoa den musukoaz gain, eskularruak eramateko beharraz ohartarazi dute, laneak aritu ahal izateko. Marea behean denean aprobetxatuko dute bolondresek, Garraitz irlara joan ahal izateko. Hala, abuztuaren 18an, asteartean, ordu horretan jarri dute hitzordua. “14:00ak edo 14:30etara arte arituko gara lanean”, gaineratu dutenez. Hurrengo egunetan ere ordutegi antzerakoa mantenduko dutela aurreratu dute. Izen emate epea zabalik dela konfirmatu dute.

Aranzadi eta bolondresen eskutik egindako jardunaldiek Garraitz irlan aspaldian egiten den lan arkeologiakoan barnerateko aukera emango dute. Izan ere, Lekeitio pareko 6,5 hektareako uhartea -San Nicolas ere deitua dena-, iazkoan izendatu zuten Parke Arkeologiko gisa. Eusko Jaurlaritzaren eskutik eman zen pausoa “onuragarria” izen dela diota Atabakatik. “Garraitzen kontserbazioan eragiteaz gain, bertatik aterarako ondarea herrian izatea ahalbidetzen du”. Babes ofizial hau “azken urteetako lanaren ondorioz erdietsi da eta honek babes eremua berresteko erantzunkizun handiagoa ekarri du lekeitiarrentzat eta udalarentzat”.

Historian zehar hiru erabilera nagusi izan ditu Lekeitioko irlak: erlijiosoa, zibila eta militarra, eta bere okupazioaren aroak ere zehaztu dituzte arkeologoek, zehazki Erdi Aro berantiarretik, Garai Modernora eta Garaikidera arte; hau da, XIV. mendetik XIX.era. Bada, azkenaldian erabilera hauen aztarnak ateratzea ahalbidetu dute indusketa lanek.

Aurkikuntzak

Azken aurkikuntza urtarrilean eman zuen aditzera Atabaka elkarteak, iazko udan egindako indusketa lanei esker eman zena. Belgikako XIV. mendeko txanpon bat agertu zen orduantxe, herrialde hartako Brabante dukerriko 1355 eta 1383 urte arteko txanpon bat. Atabaka Kultur Elkarteko boluntario talde batek aurkitu zuen iragan udan. Aurkikuntzaren balioa probesteko beharrezkoa izan zen Aranzadi elkarteko numismatika arloak egindako azterketa. Eta, honen arabera, orain arte aurkitutako txanponen artean “aipagarriena” izan zela adierazi zuen erakundeak. Hala ere, Garraitz uharteko aztarnategian aurkitutako txanponek jatorri ezberdina dute: Belgikaz gain, Eskozia, Portugal edo Gaztelakoak ere aurkitu izan dira.