- Bermeoko Udalak hainbat zerbitzu jarriko ditu martxan astelehenetik aurrera. Hala iragarri dute Udaleko bozeramaoleek. “Izan ere, irekiera egoera honek zerbitzuak pixkanaka abiatzeko aukera ematen du, betiere osasun eta segurtasun neurriak betez. Horrela, besteak beste, Udalak liburutegiak eta kiroldegiak eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu berriz irekiko ditu”.

Kiroldegiari dagokionez, fitness gimnasioko kardio eta giharketa guneak, biking gela (saio birtualekin) eta beheko gimnasioa (kardioa lantzeko makinekin) zabalduko dira gaurtik aurrera. Hala ere, erabiltzaileek hainbat neurri hartu beharko dituzte: abonatuei eta langileei tenperatura hartuko zaie kiroldegira sartu aurretik, oinetakoak eta eskuak desinfektatu beharko dira kirol guneetara sartu aurretik, eta irekiko diren zerbitzuak erabiltzeko hitzordua hartu beharko da -https://www.tramiteakonline.bermeokoudala.eus/tramiteakonline eta 946179180 telefonoan-. Azkenik, contactless txartela erabili beharko da, baita maskarila erabiltzea eta segurtasun tarteak mantentzea ere.

Bestetik, Bermeoko liburutegiak ere ateak irekiko ditu, nahiz eta zerbitzu guztiak ez diren eskainiko. “Umeen liburutegia eta hemeroteka, adibidez, itxita egongo dira. Ikasketa gelak, ordea, irekita egongo dira, baina aforo erdiarekin. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etara izango da eta, larunbatetan, berriz, 9:30etatik 13:00etara”.