- Gizarteko arlo guztietan gertatu zen modura, ortuak ere utzi beharrean ikusi ziren Euskal Herriko hainbat pertsona. Koronabirusaren pandemiaren eztandak landa lan guztiak bertan behera utzi zituen, osasun neurriak betetze aldera, baita Lekitto Bedarra elkarteko herri ortua ere. Egun tarte txikia izan bazen ere, bere eginkizunak alde batera utzi behar izan zituzten Usotegin. Baina auzolanak errekuperatuta, elkarteak beste zeregin batzuk izan ditu azkenaldian, solidarioak gainera: jasotako uzta guztiak beharrizanak dituzten Lekeitioko familiei eman dizkiete. “Bihar hirugarren entrega egingo” dutela aurreratu dute.

“Orain arte egindako ekarpena Usotegin ekoizten den barazkiekin jarraitzeko asmoa dugu eta bideratutako zazpi kilo limoi, sei kilo baba, 30 letxuga, hiru kilo azelga, hiru azalore eta hiru dozena porruri laster gehituko zaie orain daukagun idar eta kipulekin. Bertokoa eta sasoikoa!”, goraipatu zutenez. Izan ere, Lekitto Bedarra elkarteko Julian Arratek zehazten duenez, “nahiko arin hartu genuen gure laguntzatxoa emateko ardura”. Nahiz eta “gure helburuak ortuaren kultura zabaltzea, arlo horretan herrian dagoen grina mantentzea eta ikastaroak antolatzea izan”, pandemiaren egoerak bultzatuta, “covid-19aren elkartasun sarean sartzea garrantzitsuagoa dela iruditu zaigu”. Hori dela eta, azken bi asteotan jasotakoa Lekittarrok Zainduren esku jarri dute, lehendabizi, eta gero hauek Gurutze Gorrira bideratu dituzte jasotako barazkiak. Euren lanaren onuradunak krisiak kolpatu dituenak izan dira. Ekarpen “apala” dela diote, baita baliotsua.

“Aurten konpromiso sakon eta serioa hartu dugu: Usotegiko produkzio guztia herriko behar duten familiei bideratzeko eta hori bete-tzeko astero ari gara taldeko kideak Auzolanean Usotegiko lurrak prestatzen”, dioenez. Eta bide horretatik “jarraituko dutela” dio Arratek. “Hemendik konbidatu nahi dugu edozein pertsona edo talde Usotegira etortzera, alde batetik bere lagun-tza ematera helburu hori lortzeko eta bide batez arratsalde eder eta entretenituak pasatzera”. Edonork ateak zabalik dituela azalarazi du beste behin elkarteak, orain zortzi urte hasitako bideari jarraipena emateko. Taldearen filosofia argia da: Usotegiko ortu komunala uztia-tzea, beti ere auzolanaren ereduari helduta. “Horretarako 16 bankal ditugu gaur egun, eta nahi duenak bere txokotxoa izan dezake”.

Etorkizunerako ideia anitz ditu Lekitto Bedarrak. Ikastaroekin hjarraitu nahi dute, saio bat bertan behera utzi zutelarik berrogelialdiagatik. Erronka berriak ere badituzte. Bata, txabola jartzea Usotegin, “bertan tresna guztiak sartzeko”. Udalaren laguntzaren zain direla azaldu dute, “zorua prestatu eta gauzatzeko”. Bien bitartean, Usotegin ekoitzitakoa beharrizana dutenen eskura jartzen jarraituko dute.