- Koronabirusaren pandemiak eragindako berrogeialdian erabili ezin izan badiren ere, San Inazio, Iparkale eta Pixapeko igogailuak astean behin zabalduko direla jakainarazi dute Udaleko bozeramaileek. Maiatzetik aurrera, goizeko 08:00etatik 12:00ak bitartean izango dituzte ondarroarrek erabilgarri, horrela udalerriak irisgarritasuna berreskuratuko duelarik. Beti ere, San Inaziokoa astearteetan izango da zabalik, eta Iparkale eta Pixapekoak, bestetik, ostegunetan.

Azken hilabete eta erdian itxita izan ostean, mugikortasuna hobetzeko baliagarriak izaten jarraituko dute igogailuok, nahiz eta ez diren egunero martxan izango. “Herritarrei asteko erosketak egitea edo farmaziara edota Osasun Zentrora joatea errazteko” jarri dira martxan berriz, Udaletik diotenez. Beti ere, udal-administrazioak garbitasuna bermatuko duela zehaztu du. Koronabirusaren infekziorik egon ez dadin, segurtasuna lehenestea da helburu nagusienetakoa. Banaka ibili beharko da, ez da animaliarik garraiatu ahal izango -itsuen txakurrak izan ezik- eta iladan egon bitartean segurtasun distantzia manten-tzea “garrantzitsutzat” jo dute.

Izan ere, “Igogailu hauek martxan jartzeko zabalik dauden orduetan garbitzaile bat egongo da uneoro igogailua garbitzen. Egun horietan garrantzitsua izango da begirunez jokatzea eta benetan igogailua erabili behar duten herritarrei lehentasuna ematea”, Udaletik diotenez.Igogailuak oraindik ere “ezin dira egunero zabaldu, osasun eta segurtasun baldintzak bermatzea lehentasunezkoa delako”. Hala adierazi du Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialaunetak: “Badakigu herritar askorentzako oso garrantzitsua dela igogailuak funtzionamenduan egotea zenbait gauza egin ahal izateko. Horregatik erabaki dugu zabaltzea, beraz, egin beharrak egun eta ordu horietan egitea gomendatzen diegu herritarrei”.

“Hala eta guztiz ere gogorarazi nahiko nuke beharrizanak dituzten pertsonei laguntzeko boluntario sareak martxan jarraitzen duela, eta norbaitek erosketak egiteko, farmaziara joateko edo zaborra botatzeko laguntza behar duenak eskuragarri daukala 608229795 telefono zenbakia”, Bedialaunetaren esanetan.