Berrogeialdi aroan sormena lantzeko aukera plazaratu zuen Bermeoko Udalak, udalerriko Berton merkatari elkartearen eta Benito Barrueta Arte Elkartearen laguntzarekin. Eta antolatutako Etxeko bentanatik Bermiori kikuke! izenburupeko marrazki lehiaketak harrera ona izan du. Izan ere, guztira sei kategoria ezberdinetan banatutako 203 lan jaso dituzte antolatzaileek. Irabazleen izenak ere atzo eman zituzten aditzera. Udalerriko dendetan gastatzeko bono desberdinak banatuko dituzte aurki. Nagusienen artean, Pedro Gil Perez eta Leire Perez Roseñada izan dira garaileak.

“Itxiera-egoera amaitutakoan, jasotako marrazki guztiekin erakusketa handi bat antolatuko da herriko gune ezberdinetan”, Udaleko bozeramaileek zehaztu berri dutenez. Eta etorkizunean erakusketa antolatzeko nahia adierazi dute. “Horregatik, antolatzaileek lehiaketan parte hartu duten herritarrei euren marrazkiak gordetzeko eskaria egiten diete konfinamendua altxatu bezain laster udalean entregatu ditzaten, ostean, marrazkiok erakusgai jarri ahal izateko eta ekimen polit bat antolatzeko”.

Irabazleei dagokienez, sei izan dira guztira. Lehen kategorian, 2 eta 5 urte bitartekoan, Gael Alexander Rojas Cabrera izan da garaile. 6 eta 9 urte bitartekoen artean, Oihana Etxebarrioste Garcia. 10 eta 13 urtekoen artean, Ane Martin Otaola. Azkenik, 17 urte artekoen sailkapenean lehena izan da Janire Urresti Parra. Nagusiek ere euren kategoriak propioak izan dituzte. Kasu honetan, Pedro Gil Perez izan da onena, eta Leire Perez Roseñadak saria eskuratu du 18 urtez gaindiko eta teknika bereziak erabilitakoen artean. Azken bi hauen kasuan, 50 eta 60 euroko bonuak jasoko dituzte, Bertoneko dendetan erosketak egin ahal izateko.

Herritarrak eta lehiaketarako espresuki eratutako epaimahaiak hartu du erabakia. “herritarrek sare sozialen bidez kategoria ezberdinetako 5 marrazki gustukoenak aukeratu ondoren (apirilaren 10etik 15era bitartean atsegin dut botoia sakatuz bermeotarrek euren ustez bigarren fasera pasatu behar zirenak markatu zituzten) eta epaimahaiak bigarren fasera pasatutako lan hauek aztertu ditu. Aurkeztutako lanek kalitate ona izan dutela nabarmendu dute.

“Pozik” agertuta izandako harrera onarekin, antolatzaileek azpimarratu dute “lanak ikusita somatzen dela jasotako marrazkiak ilusioz eta gogoz beterik” eginikoak direla. Bestetik, lehiaketak zuen helburu nagusia ere bete dela gaineratu dute. Covid-19ak eragindako itxialdian “modu entretenigarriago batean pasatzea eta sormena lantzea” ziren jomuga nagusiak. “Txiki-txikitatik gure herriarenganako, gure ohiturenganako eta gure sustraienganakodaukagun errespetu eta estimua ageri-agerian geratzen da eta hori ezin genezake galdu” ziurtatu zuen bere aldetik Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.