- Gaztelugatxeko kudeaketaren inguruko eztabaidak goraka egin zuen atzokoan Bermeon, ospatu ziren bi osoko bilkuretan. Udal Gobernuan den EAJren mozioa izan zen onartutako bakarra, jeltzaleen aldeko botoarekin eta Guzan eta EH Bilduren abstentzioarekin. SOS Gaztelugatxe plataformak aurkeztutako idatzia, eta oposizioan diren Guzan eta EH Bilduk bide eman ziotena, ez zen onartutzat eman.

Alderdi politikoen arteko tirabirak izan ziren nagusi atzoko bi bilkuretan. Eta luze eta zabal aritu ziren iazkoan 700.000 bisitaritik gora jaso zuen Gaztelugatxeko ingurunearen kudeaketari buruz; baina batez ere Aldundiak orain gutxi behin-behinekoz bertan behera utzitako aparkalekuaren afera izan zen liskarren eragile. EAJk egun duen gehiengoak mozioa onartzea ekarri zuen. Honen bitartez, Udalak zera eskatuko dio gunearen kudetazaile den Bizkaiko Foru Aldundiari: "ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko urratsak ematea", baina baita herrialdeko erakunde publikoak "jarrai dezala garraio kolektiboaren erabilera sustatzearen aldeko apustua sendotzea eta oinez bidezko konexioak indartzea". Izan ere, Udal gobernuak gogorarazi zuenez, datorren Aste Santuko oporraldirako autobusak eta bisita-gidatuak jarriko dituzte Bermeotik.

Bigarren puntuari dagokionez, "ibilgailu pribatuentzako azpiegituren garapena udalerrietako gune urbanoetatik gertuen egitea lehenetsi dezala" eskatu zuten, bide horretan "biotopoaren naturaltasuna babesteko eta Bermeoko gune berezi horrek izan di-tzazketen kanpotarren bisitak modu jasangarri eta udalerrietako ekonomia dinamizatzeko". Azkenik, Idoia Platas zinegotziak aurkeztutako mozioan "Gaztelugatxera garraiobide kolektiboa erabiliz nola heldu daitekeen azaltzen duen informazioaren zabalkundea egiten lagun" dezala exijitu zioten Aldundiari.

Bigarren deialdian, bestetik, SOS Gaztelugatxeren mozioa aintzat hartzea eta bozkatzea izan zen gai nagusi moduan, nahiz eta Foru Aldundiak 2019ko urrian aurkeztutako Gaztelugatxera iristeko bideak, II Fasea eraikuntza izenburupeko proiektua behin betiko bertan behera uzteaz ere aritu ziren. Ez zen ahobatezkotasuna lortu, lehendabizikoz EAJren abstentzioak eta gero alderdi honen kontrako botuengatik. Plataformak zortzi kontutan egituratu zuen bere mozioa, besteak beste Urrizarretako aparkalekuaren ingurumen inpaktua -milioi euroko kostua izango duena, azaldu zutenaren arabera-, parte hartze eza, biodibertsitatean galera, ekimenaren kontraesanak edota jasangarritasunaren eredua izan zituztelarik hizpide.