Arrantza sektoreak pisu handia du Lea-Artibaiko ekonomian. Langileen %5a baino gehiago jardun horretan dabil eskualdean, Bizkaian portzentaia %0,35ekoa den bitartean. Paraleloki, azkenaldian gero eta arazo latzagoa bihurtzen ari da itsas hondakinen agerpena, eta honetan eragiteko CirculasSeas proiektuaren aurkezpen ofiziala egin zuten atzokoan Ondarroan, non ekimenaren nondik norakoak eman zituzten aditzera.

Europako Komisioak finan-tzatutako proiektua -eskualdeko erakundeen artean Leartiker da lider, eta Azaro Fundazioa bazkide-, beste bost herrialdeetako erakundeek ere parte hartzen dute. Baina atzokoan eskualdeko datuak izan zituzten hizpide, Ondarroako nodoaz izendatu dutenak. Asmoa zera da: "itsasoko hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea". Leartikerreko ekimenaren arduradun tekniko Alex Arrillagak azaldutakoaren arabera. Bertan izan ziren arrantza sektoreko hainbat arduradun, eskualdeko enpresetako ordezkariak edota erakunde publikietakoak, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura saileko Jon Azkue kasu. Azken honek jakitera eman zuenez, arrantzaleak ez dira hondakin hauen sortzaile nagusiak, baizik eta "hauen %80a baino gehiago lurgainean sortaratzen dira".

Itsasoa zein portu-ingurunearen analisia eginda, ekonomia zirkularretako ardatzak ezar-tzea dute jomuga. "Ohiko plastikoarekin egindako tresna eta produktuak 3D-n inprimatu ahal diren birziklatutako, biodegradagarriak edo berriztagarriak diren materialengatik ordezkatzean oinarritzen da. Horrek hondakin plastikoak balioztatzea eta itsas-sektorean 3D teknologia barneratzea ahalbidetuko" duela adierazi zuten. Bestetik, eta nahiz eta Euskal Herrian saiakearen bat egina den, ambiziotsua da CircularSeas proiektua. Datozen hiru urteetan martxan izango da, eta "itsasoan diren hondakin plastikoei berrerabilpena ematea" du oinarri. Hala, Azaro Fundazioako berrikuntza teknikaria den Maria Txakartegia egungo egoeraren diagnosia marraztu zuen.

Atzokoan lehen lan-bilera egin zuten Ondarroako Kofradia zaharrean. Baina etorkizunean ere, eta sektorearekin batera, beste bi hitzordu izango dituzte. Biak izango dira maiatzaren 14ean, goizean zein arratsaldean.