Lekeitio - Etorkizunerako proiektua da, epe luzerakoa. Baina Lekeitioko Udala pausoak ematen ari da turismo bulego berria eraikitzeko asmotan. Eliz Atean kokatuta gasolindegi zaharra udal zerbitzua "kokatzeko gune ezin hobea dela" iritzita, oraintsu adjudikatu dituzte proiektua idazteko lanak. Kostua 10.971,07 eurokoa da, eta lanak hasiak direla zehaztu dute.

Iragan den urtean zehaztu zuten Udaleko arduradunek gasolindegi zaharra tutismo bulegoa hartzeko kokagune aproposena zela. "Lekeitioko erdigunetik hurbil dago eta alde zaharra, eliza, portua edota hondartza alboan daude", diotenez. Eta jakina denez, Lekeitioko udalerririk erakargarriena da Lekeitio turismo alorrean:a adibidez, 2018ko udan 17.000 bisitari pasatu ziren udaletxeko eraikinean kokatutako turismo bulegotik. Hala ere, aldez aurretik hainbat lan ezberdin egin behar izan dituzte. 2007an itxi zituen ateak gasolindegiak eta Eliz Atearen inguruan zenbait hobekuntza egitea ezinbestekoa izan da. Hala, "guztira, orain arte, 578.062,81 inguru inbertitu izan dira Eliz Atearen berrikuntza lanetan".

Bestetik, gasolindegi zaharraren ingurunea hobetzeko eginkizunak ere izan dira tarteko. "2016an Udalak, gasolindegi zaharraren inguruko lurzorua aztertzeko eta lurzoru kontaminatua aitorpena egiteko eta saneatzeko prozesuak eta obrak egin zituen". Bestalde, Udal iturriek azaldu dutenez "gasolindegiko lurzorua ordenazioz kanpo zegoela eta, arau subsidiarioen aldaketa puntuala egin zen, berton esku hartu ahal izateko eta bere erabilera aukerak gehitzeko". Erakinak ere badu bere arkiterktura estilo berezitua, zeren "Alvaro Libano arkitektoak 1962an diseinatu zuen eta Nazioarteko Abangoardia edo arrazionalismo estilokoa da" eraikina.

eskariari erantzun Emandako azken pausoak "eraikinaren inguruko proiektu teknikoa" egitea dakar. Eta beronekin, "Udalak bere baliabideak optimizatu eta urte askoan erabilpenik izan ez duen eraikina berreskuratu nahi du zerbitzuak emateko. Hori horrela, Lekeitioko Udalak azken urte hauetan ingurua hobetzeko egin dituen lanak bukatuko liratezke, urteetako auzokideen eskariari erantzunez". - I. F.