Gernika-Lumo - Bederatziurrenak hasi baino arinago aurkeztutako multimedia proiektua, euren dokumentala laburbiltzen duen emanaldi jendetsuak, ordu txikietako kantaldietan lortutako partehartze handia, belaunaldi berrien agerpena, bakarlari berria... eta atzokoan, Mediterrenioko uretan pertsonak erreskatatzen diharduen MSH-Aita Marirekin partekatutako 2.586 euroko txekea. Gernika-Lumoko Marijesiak urte ederra borobildu dute.

"Pozik" azken egunetan egindakoarekin -eguraldi ona lagun izanda 80 bat kantariko media lortu dute gernikarrek-, Marijesiek abenduaren 24ko goizean egindako errondan lortutako dirua eman zieten atzokoan Aita Mari proiektuko kideei. Aurtengoan sosak elkarbanatu egingo dituzte, izan ere "erdibana egingo dugu" sorospen elkarteari emateaz aparte, Marijesiak 4.00 Bederatzi gau hotzetan dokumentala ekoizteko ere erabilgarri izango da. "Azaroan egindako bileran hartu genuen erabakia. Aurtengoan elkarbanatu egingo dugu", zioten Marijesien arduradunek. Aita Mariko arduradun Jon Garcia Andonegik asko eskertu zuen. "Orain itsason-tzia Grezian dago, erreparazio lanak egiten momentu honetan. Baina datorren urtean prest izango gara erreskateetarako. Jakingo duzuenez, egoera oso txarra da eta gure lanean jarraitu nahi dugu. Euskal Herriko jendearen laguntza oso positiboa da, eskertzen dugu", zehaztu zuenez.

Aurtengoa urte berezia izan da Gernika-Lumoko Marijesientzako. Ohitura zaharra gordetzeaz aparte, XXI. mendera egin dute salto. Eta "emaitza oso positiboarekin". Oraintsu aurkeztu zuten euren ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala -audio-diskoarekin, liburuxkarekin...- eta orain arte egindako proiekzioetan arrakasta lortu dute. Bestetik, web atari berria zabaldu dute, "garai berrietara egokitzea ahalbidetzen diguna". Eta garrantzitsuagoa dena, ordu txikitan egiten dituzten errondetan "jende askok parte hartzen du, etorkizunerako pausoak" eman ahal izatea segurtatzen duena.