BILBO. Herritarren bozgorailua da SOS Gaztelugatxe ekimena, eta atzo, 850tik gorako herritarren alegazioak aurkeztu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon duten bulegoan.

Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanerako planteatzen duen garapen ereduaren eta jokabidearen aurrean herritarren iritziak jasotzeko eta euren ahotsa izateko eratu zuten Bakion ekimena. Hori horrela, hainbat herritan aurkezpenak egin ondoren, herritarrek ekarpenak jaso eta zabaldu dituzte.

Alegazioagaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuaren oinarririk eza salatu dute herritarrek, baita egiturazko hirigintza antolamendua “argi eta garbi” aldatzen duela esan ere. “Aparkalekuaren proiektuak lurzoru urbanizaezinaren berezko baso-kalifikazioa aldatzen du, baita Bermeo eta Bakio arteko komunikazioen azpiegitura sarearen definizioa ere”.

Gainera, administrazio ebazpenak obrak ez duela ingurumenean eragin esanguratsurik jaso arren, herritarrak ez daude ados: “Begi bistakoa da duen ingurumen inpaktua: atmosfera emisioak handitzea, ibilgailu pribatuen joan-etorria handitzea?”. Guzti horrek biodibertsitatearen “galera larria” ekarriko lukeela ere uste dute.

Halaber, bide azpiegitura proiektuaren barne kontraesasnak salatu dituzte, eta proiektuagaz herritarren parte hartzearen pritzipioa ez dutela jarraitu adierazi dute.

Aurkezpena Gernika-Lumon. Proiektuari buruzko hurrengo aurkezpena bihar 20:00etan egingo dute Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Herritarrei eta inguruko bizilagunei gerturatzeko deia egin diete.