GERNIKA -LUMO. Pasioz egiten du berba bere pasioaz. Lanbide ere izan du, baina Luis de Pedro gernikarrak josteko makina bilduma ikaragarria eratzea lortu du azken 40 urteetan, Estatu mailan oso gutxik dutena eta Europan ez asko. Eta erakusgarri ikusgarria osatu du bere bildumako 110 makina Gernika-Lumoko Kultur Etxeko lehen solairuan. “Herritarrek ikustea nahi nuen, historiaren zatitxo honetaz gozatu ahal izatea. Zeren, mundua zer litzateke josteko makinarik gabe?”, galdetzen dio bere buruari. Hori dela eta, etorkizunari begira badu amets bat: “ditudan makinak erakusteko lekuren bat izatea. Berezia izango litzateke toki apropos bat edukitzea. Eta hobe Gernika-Lumon bada, baina Euskadin gera dadila”.

De Pedrok hirurehundik gora makina ditu. “350 inguru, zehatza izateko”. Baina Kultur Etxean daudenak lagina baino ez dira, asko oraindik sailkatuak dituelako baino ez erakusgarri oraindik. “Josteko makina historikoak ditut, bai. Adibidez, Estatutan funtzionatu zuen lehen josteko makina. Kontua da erakusketan azken mende eta erdiko hainbat modelo ditugula, 1852 urtetik gaur egunera artekoak”. Herrialde bakoitzeko sailkatutakoak, Europa osoan egindakoak ditu gernikarrak. Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Italia edo Sui-tzakoak. Estatu Batuetakoak eta urrunagoak ere baditu, adibidez Japoniakoak. Singer, Omnia, F.W. Muller, Juncker&Ruh, Bernina edota A. Scudan, “marka bakoitzak bere kontu bereziak ditu”. “Baina Euskal Herrikoak ere baditut, askok ezagutuko dituzten Eibarko Alfa eta Elgoibarko Sigma marketatakoak, egin ziren lehenak tarteko. Asko kostatu zait hainbeste izatea, baina asko disfrutatzen dut”, dioenez. Marka historikoak, makina desberdinak, teknologia ezberdinen adibide... “Bilduma berezia da oso. Asko kostatu zait lortzea, eta benetan oso gogoko dut jendeak ikusi ahal izatea”.

Emazteak sartu zion josteko makinenganako pasioa. “Baina Bartzelonako Ferian maitemindu nintzen haietaz. Hartara joan eta ikusi nuen zer nolako bildumak egin zitezkeen. Eta nahiz eta aldez aurretik banituen zenbait, orduan hasi nintzen makinak jasotzen”. Gaur egunean, Estatutan topa ezin litezkeen markak eta modeloak ditu. Askotan, De Pedrok ordual ematen ditu hauek konpontzen eta berriz erabilgarri jartzen. “Ordu asko ematen ditut lanean, josteko makinak eraberritzen. Baina oso gustura egiten” duen lana dela dio. “Tailerrean orduak eta orduak eman al ditut lagun honetan. Bizitza ematen didan lana da”. Erakutsi ere, gogoz erakusten dizkio Kultur Etxera hurbiltzen den edonori. “Noizkoak diren, nola funtzionatzen duten edota zertarako erabiltzen ziren, saiatzen naiz jendeari beharrezko informazio ematea”. Hala, hartzen dituen bisitariez gain -batzuk atzerritik etorritakoak-, eskolak ere joando zaizkiola aurreratu du. “jendeak etorri nahi badu, ni pozik”, dio.

“Josteko makinak, makinak izatez gain, emakumeek lan mundurako bidea egitea” ahalbidetu zuten. Eta Estatuen teknologiaren adibide ere badira. Gernikarraren arabera, “ez dakit politenak zeintzuk diren esaten, baina teknikoki hoberenak alemaniarrak izan litezke. Hala ere, hainbat bitxi ditut. Kontua da josteko makinak garaian garaiko estatuen teknologia islatzen dutela”. Hainbat bidaietan lortuak, de Pedrok zenbait txokotan erakutsi ahal izan ditu.

1976an Errenterian denda irreki zuen gernikarrak badu asmo bat etorkizunerako. “40 urtetan osatu dudan bilduma mantentzea gustatuko litzaidake. Lekuren bat eukitea, ahal baden Gernikan bertan edo Euskal Herrian, josteko makinen historia azaltzeko”. Hala, inguruko erakundeetako arduradunei dei egin die. “Etor daitezela eta ikus dezatela. Polita izango litzateke halakoak mantentzea eta datozen belaunaldieri erakutsi ahal izatea; bertan geratzea”. Oraingoz, erakusketa zabalik da urtarrilaren 10era arte.