BERE kimonoa jantzita, Fukiko Konari Gernikako azokan barrena murgiltzen da; turista izan litekeela eman arren, errealitatetik oso urrun dago adierazpen hori, Euskal Herriko lurraldeetan ez baita berria.

Orain dela lau urte lehenbiziz euskal sukaldaritza ikasteko hilabete bat bertoko jatetxe batean igaro ostean, urtero bueltatzen da Tokioko aditua Euskadin dituen lagun sukaldariak bisitatu, eta hemengo gastronomiari buruz gehiago ikastera. Baina Estatuan are urte gehiago eman ditu Konarik, orain dela hamar urte hasi baitzen haren gastronomia ezagutzen.

Hala, pasa den urtean Gernikako azokaren berri izan zuenean, edo berak deitzen duen bezala “Gernikako festa”, dudarik gabe ezagutu behar zuela erabaki zuen, eta gainera, gazten katan parte hartu ahal izan zuen, “Idiazabal gaztaren berezitasuna lehen eskutik ezagutuz”. Horrela, euskal gastronomiari buruz pixkatxo bat gehiago ezagutu ahal izan zuen Japoniako adituak, eta aurten, berriro izan da Gernikako plazan kokatzen den eszenatokian, izan ere, 110.000 pertsona bildu zituen Azken Astelehenak Japoniar ordezkaria izan zuen gazta irabazlea aukeratzen. Bere iritzia? “Gazta ketua harrigarria da, oso oso goxoa dago”.

Eta badaki zeri buruz ari den hizketan, izan ere Estatuko eta Euskal Herriko gastronomian aditua da Fukiko, urtero lau edo bost aldiz Estatuko puntu ezberdinak bisitatu, eta gero bere herrialdeko hiriburuan, Tokion, bertoko sukaldaritzari buruz tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen baititu.

“Ez naiz sukaldaria baina gastronomia asko maite dut”, dio Konarik. Horregatik, bere jakinduriaz baliatuz, Tokioko turismo bulegobatzuetan Espainiako eta Euskal Herriko bizitzari buruz hitzaldiak eskain-tzen ditu. Horrez gain, “ardo eta sukaldaritza irakaslea naiz Japonian”, dio Konarik, kasu honetan ere Espainiako eta Euskal Herriko produktuak erabiltzen dituztelarik.

Eta zer harrera dauka euskal gastronomiak Tokion? Bada, Fukiko Konarik azaltzen duenez, gero eta ospe handiagoa bereganatu du euskal gastronomiak berton. “Modan dago hemengo janaria, eta Japonian jendeak gero eta interes handiagoa dauka Euskal Herria gehiago ezagutzeko”.

Batez ere, gazten katek oso harrera ona daukate japoniarren artean, Konariren hitzetan. “Euskal Herriko gastronomia eta baita bere paisaiagatik ere, Japonian oso erakargarria da Euskadi, horregatik gero eta jende gehiago etortzen da bertatik hau bisitatzera”, dio japoniar adituak.

Atzo baina, ez zen nazioarteko ordezkari bakarra izan, gazten enkantean Melbourneko, Australiako, jatetxe bateko arduradunak izan bai-tziren; gazta onenaren lehian indar-tsu borrokatu zutelarik. Markok, Jose Antonio Bastegietak, azpimarratu zuenez, “prentsari esker gero eta urrunago heltzen da Gernikako azoka, ea datorren urtean Zelanda Berriraraino heltzen garen!