Gernika-Lumo - Ekintza piloa antolatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak asteburu honetarako. Azken hilabeteetan martxan izan den eta udalerriko memoria eta ondare sinboliko, historiko eta kulturala aztertzeko baliagarria den Memoritour Gernika deitutako ekimenaren bi bisita izango dira gaur eta bihar goizean zehar. Bestetik, biharkoan jolas kooperatiboak antolatu dituzte, museoan bertan.

Gaurkoan Monumentuak eta memoria izenburupeko ibilaldia egingo dute, 11:30etatik hasita, Gernika-Lumoko hainbat txoko bisitatuko dituena. Bigarren ibilbide bat ere izango 12:45etan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren lekuko izan ziren babesleku antiaereoak erakutsiko dituena. Igandeari dagokionez, “derrigorrezko lana egin behar izan zuten gerrako presoen eta preso politikoen historia” jakinaraziko dute Bakearen Museoko arduradunek, goizeko 11:30etatik aurrera. Azkenik, 12:45etan Picasso eta Gernika deitutako programa eskainiko da. Azken honen bitartez, hainbat txoko bisitatuko dira, “artista inspiratu” zituenak. Picassoren “lan ikonikoaren arteko lotura egiteko baliagarria” ere izango dela aurreratu dute. Museoaren sarrera eta bi euro ordainduko dute parte hartzaileek.

Biharkoari dagokionez, umeentzako doako jolas kooperatiboak antolatu dituztela gaineratu dute. Foru plazan kokatutako Bakearen Museoan bertan eskainiko dira, 11:30 eta 13:30ak bitartean. Ekintza guzti hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da 94 627 02 13 telefonora hotsegin eta izena ematea. - I. Fradua