BERMEO. Aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemiako jaiak nobedadez beteta egongo direla azaldu du Aritz Abaroak, Bermeoko alkateak, atzo goizean Kultur Etxean egindako jaien aurkezpenean. Berrien artean nabarmengarrienak crossfit erraldoia, euskal artzain txakurren erakustaldia edota Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa aurkitzen dira, prestatutako 100 ekintza baino gehiagoren artean.

Noski, urtero antolatzen diren klasikoak ez dira faltako: koadrilen jaitsiera, Sukalki Eguna, XXXVII. Bermeo Uria Ikurrina estropada, Txosna Batzordeak antolatutako elektrotxarangak eta herri bazkariak, su artifizialak, herri kirolak, play-back erraldoia?

Atzo goizeko aurkezpenean ere Bermeoko elkarte ezberdinen ordezkariak egon dira. Beraiek dira, zalantza gabe, herriari jai giro bikaina ematen laguntzen dietenak eta Bermeoko Udalarekin batera hilabeteetan zehar lan egin dutenak.

Irailaren 7an egingo den pregoian, bestalde, bi gonbidatu berezi ikusi ahal izango ditugu: Erroxape Emakumeen Elkartea eta Izaro Abesbatza. Biek mende laurdena bete dute aurten eta hori ospatzeko Udaletxean emango den pregoira gonbidatu dira.

Bermeoko Udalak drogen kontsumoak dakartzan arriskuak txikitzeko programa bi martxan jarriko ditu aurten ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Alde batetik, drogei buruzko informazio eta Testing zerbitzua izango da Bermeon irailaren 13an, barikuan. Bestetik, Botiltzarra izeneko programa martxan jarriko da hirugarren urtez irailaren 9an, Arrantzale egunean. AiLaket! elkarteak eskainiko ditu aipatu zerbitzu biak.

Aritz Abaroa alkateak esan zuen: “Gaur aurkezten ditugun Andra Mari eta Santa Eufemiako jaiek egitarau zabala izango dute. Adin eta gustu guztietarako ekintzak egongo dira. 100 ekimen baino gehiago programatuta daude. Hau guztia aurrera eramateko lan handia egin da urtean zehar eta hori balioan ipini nahiko nuke. Honelako programa bat aurrera eramateko ezinbestekoa da herriko elkarte eta boluntarioen laguntza eta inplikazioa. Horregatik eskerrak eman nahi dizkizuet gurekin batera lan egin duzuen guztiei. Talde guztiek aportazio handiak egin dituzte”.

Eta gehitu zuen: “Herri garbi izatea denon ardura da eta zentzu honetan deialdi bat egin nahiko nuke denon inplikazioa izateko. Denon erronka da herri garbi bat izatea, bai urtean zehar eta baita jaietan ere. Segurtasun eta prebentzio arloetan ere neurri bereziak hartuko dira, protokolo ezberdinak aplikatuz. Eraso sexistek asko kezkatzen gaituzte eta lan handia egingo da zentzu honetan”

Nobedadeak

Aipatu bezala, aurten nobedade asko egongo dira jaietan. Jarraian, nobedadeetako batzuk:

Irailaren 6an, jaiak hasi baino lehenago, ikuskizun polita izango dugu Korrontzi taldearen eta Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik Artza Frontoian. Dantza egiteko aukera paregabea izango da.

Irailaren 7an, gainera, Salome Campos itsas-zeharkaldia izango dugu. Egun horretan bertan, txupina bota eta pregoia bukatutakoan, I Love 80 taldeak atzoko eta gaurko doinuak ekarriko dizkigu Bermeora eta, hurrengo egunean, irailaren 8an, Swingtronics-ek swing-a dantzatzeko aukera eskainiko digu.

Irailaren 10ean, XLV. Herri Kiroletan, modalitate ezberdinen Euskal Herriko emakumezko eta gizonezko irabazleak izango ditugu lehian. Gainera, egun horretan bertan, Bertso saio berezia izango dugu Euskal Herriko lurralde ezberdinetako irabazleekin.

Irailaren 13an, ostiralean, gazteek kirolaz disfrutatzeko aukera paregabea izango dute. Izan ere, crossfit erraldoi bat jarriko da Burujabetasun zelaian. Egun horretan bertan, herriko Ozhen taldeak eta Nøgen musika talde ezagunak kontzertua eskainiko dute.

Irailaren 15ean, XXVI. Euskal Artzain Txakurren erakustaldia izango dugu. Goizez, hurbildik ikusi ahal izango ditugu protagonistak (Lameran) eta, arratsaldez, erakustaldia eskainiko dute Burujabetasunaren zelaian.

Bukatzeko, irailaren 16an, Santa Eufemia eguneko Baserritarren Azokaren barruan, XXX. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa ospatuko da Bermeon.

Nobedade hauetaz gain, betiko klasikoez disfrutatzeko aukera ere izango dugu. Su artifizialak izango ditugu irailaren 8an eta 16an, Sukalki Eguna egingo da irailaren 14ean eta, egun horretan bertan, XXXVII. Bermeo Uria Ikurrina estropadan gureak animatzeko aukera izango dugu. Bukatzeko, irailaren 8an (txikiak) eta 15ean (nagusiak) danborrada ospatuko da.

Garbitasuna eta segurtasuna

Alkateak, jaietako programazioaren berri emateaz gain, garrantzi berezia eman zien herriko garbitasunari eta segurtasunari. Izan ere, programa bereziak abian jarriko dira jaiek irauten duten bitartean Bermeo garbi izateko eta herrian segurtasuna bermatzeko.

? Garbitasuna: Udalak 6 garbitzaile kontratatuko ditu garbitasun brigada indartzeko. Helburua da herriko eta bereziki jai-eremuaren garbiketa bermatzea. Sastar batze zerbitzua 14:00etatik aurrera izango da irailaren 7tik 16ra. Irailaren 9an ez da sastar batze zerbitzurik egongo. Ohikoa denez, komun kimikoak jarriko dira herriko zenbait puntutan. Guztira, 22 komun jarriko dira. Azkenik, talko hautsik ez botatzea eskatzen du Bermeoko Udalak.

? Segurtasuna: Eraso sexisten aurkako protokolo berezia izango du herriko Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntza izateaz gain. Lan berezia egingo da zentzu honetan. Trafiko antolamendua berezia izango da jaietan, urtero bezala. Bermeoko Udalak jaietan kotxerik ez erabiltzea eskatzen du eta jai-gunean oinezkoei lehentasuna ematea. Irailaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an Lamera Txikitik Artzako biribilguneraino kotxeek itxita izango dute pausua. Gainera, Artzako kaia jai-gunea izango denez, Artzako biribilgunetik (Kasinoaren ondoan) Lamerara eta portura joateko sarrera itxi egingo da irailaren 2tik 20ra. Azkenik, taxi zerbitzuaren geralekua, irailaren 2tik 20ra, Kasinoaren ondoan egongo da.

Gainera, Euskotrenek, larunbatetan eskaintzen duen zerbitzuaz gain, zerbitzu berezia eskainiko du irailaren 13an ere.

Bukatzeko, barrakak abuztuaren 30ean jarriko dira martxan eta irailaren 16an itxiko dira.