Ondarroa - EH Bilduk alde eta EAJk abstentzioa, oraintsu onartu dute Ondarroako Udaleko aurrekontua, 12.423.856 eurokoa izango dena, “iazkoa baino bi milioi pasatxo gehiago”. Udaleko iturriek azaldu dutenez, sarreren kapituluan dago aldaketarik nabarmenena, izan ere “milioi bat eta 900.000 euroko sarrera Ibaiondoko aparkaleku guztiak emakida gisa esleitzerakoan iritsiko da”. Eta horietatik, “900.000 euro bideratuko dira inbertsioetara”.

“Guretzat lehentasuna daukate herritarrentzat hain garrantzitsuak zerbitzuek, Herri Busak esaterako. Ongizatea funtsezkoa da”, adierazi zuen Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Horrela, hobekuntzak egingo dituzte Artibai egoitzan eta lehen mailako gizarte laguntzan “ia 50.000 eurotan areagotu dugu aurrekontua”. Hirigintza alorreko inbertsioei dagokienez, hainbat izango dira jardunak: bide publikoen zolaketan 112.752 eurotan areagotu da partida, Artibai egoitzaren aurrean umeen-tzako jolasgunea ipiniko da, Zeledonio Arriola eraikinean lanak egingo dira, Kamiñazpi auzoaren eraberri-tze prozesua martxan ipiniko da, baina auzoa osotasunean ikusita eta aparkelekuen kontuan Ibaiondoko aparkalekua zabaltzea, Anexua asfaltatzea (180.000 euro daude baimen ofiziala lortutakoan lanak egiteko) eta Zaldupeko arau subsidiarioak aldatzea egiteke daude, “horrela futbol zelaiko aldagela berriak egin eta zelaiaren eta Ertzain Etxearen artean aparkaleku gehiago jar-tzeko”.

Ibaiondoko aparkalekuek sarreren igoeran berebiziko garrantzia dute. Udalak “hainbat inbertsio egingo ditu eta beste hainbat proiektu aurrera eramango ditu herri irisgarriagoa eta berdintasunean oinarritutakoa lortzeko”, zehaztu dutenez. Hori dela eta, “bizikleten aparkalekuak gehituko dira leku estrategikoetan, motorrentzako aparkalekuak egokituko dira, kiroldegiko igerilekuetan lanak egingo dira eta muskulazio gelan ekipamendua berrituko da eta HAPOrekin jarraituko da, beste batzuren artean”. Kirol arloan izango dira hauetako batzuk. Horren adibide da “kiroldegiko aurrekontua 274.607,77 eurotan handitu dela”, eta horrek Udal Arraun Egoitzan hobekuntzak ahalbidetuko ditu. Kultura arloan,”kultur plan estrategiko bat martxan jartzeko lehen urratsak emango dira”. Eta merkataritzari dagokinez, Berdura Plazaren egoera ikusita “esfortzu bat egingo da hutsik dauden guneak eraberritzeko eta Berdura Plaza biziberritzeko”.