Mundaka - Oporretan bueltatzen da Mundakara, uda guztietan. Baina lasaitasun egunak baino, Benantzi Bilbaok baditu egunotan hainbat buruhauste. Hamaseigarren edizioa betetzen duen Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor zikloaren zuzendari artistikoa da, eskualdeko organoen zaindari papera ere betetzen duelarik. Alacanteko Musika Konserbatorioan maisu, kontzertu emaile Europako zenbait herrialdetan zehar, abesbatz zuzendari ohi edota organo zein harmonio-jole, hainbat paper dituen gizona da Bilbao, beti ere musikari atxikita. “Musikak harrapatuta” daukala eta, “plazerrez egiten dudan lana” dela dio.

“Hamabost urterekin, Pedro abadeak Mundakako elizako organoa jotzeko agindua eman zidan”. Ostean ere, beharrezko laguntza eman bere ikasketekin has zedin. Eta ordutik gaur eguneraino, Benantzik ibilide luzea jorratu du. Hala ere, musika munduan bere Mundaka kutunean hasi zen, Joxe Mari Egileorren hegalpean. “Orduan ume guztiak aritzen ginen berarekin, musika zein dantzan. Euskal kulturaren munduan. Eta niri argi eta garbi esan zidan: Benantzi, hobe musikara bideratzen bazara”, gogoratzen du, irriz, Bilbaok. Hala egin zuen, txistu eta akordeoiarekin, lehendabizi, urteen poderioz hainbat ikasketa egitera arte. Pianoa, klabea, organoa, kantua, abesbatzen zuzendaritza edota an-tzinako musika izan ditu ikasgai, Euskadiko, Estatuko eta Europako zenbait zentrotan, eta izen handiko hainbat maisurekin. Sariak ere, izan baditu. “Gaur egun ere jarraitzen dut ikasten, musika pasio dudalako eta lanbide honetan orduak eta orduak egin behar direlako”, azaltzen du mundakarrak. Egunotan, bada, bere herriko elizan dabil, burubelarri, datozen asteotako kontzertuen entseguetan, “musikari izateko disziplina beharrezekoa da” eta.

Europan barrena ibiltzeak begiak zabalarazi dizkio Bilbaori, baina bere Urdaibai maitera bueltatzea “derrigorrezkoa” zaio. “Nire etxea da”. Etxea delarik, bere eskualdeari laguntzen ematen saia-tzen da, bere musika pasioa jorratuz. Izan ere Bilbaok jarri zuen martxan Urdaibaiko Organoak zikloa, aurten zabalik dena. “Orain dela 16 urte hasi ginen, bai. urtero hobetzen joan gara eta gaur egun finkatuta dago. Gero eta ikusle gehiago ditugu, egun berean bi eliza beteztzer helduz, eta emanaldiak oso onak dira”, dio pozez. Urremendik zein Udalek ematen dioten laguntza eskertzen du, “euren laguntza barik ez zelako posible izango”.

Urdaibaiko Organoak zikloak, bestetik, eskualdeko elizetako organoak biziberritzeko aukera ematen dute. “Ez gara kontura-tzen gure etxean bertan zer daukagun. Europako hainbat espezialista izan ditugu gurean, eta txundituta geratu gara. Esanguratsuak dira Muxikako organoa, Ibarrangelukoa, Gernikakoa, Atzukoa, Busturikoa... Altxor nabarmenak ditugu, babestu beharrekoak”.

Azken urteetan, bestetik, hainbat organo berriztu dira, “diru zein baliabide aldetik esfortzu handi suposatzen dutenak”. Parrokiek diru urri dutelarik, “edozein laguntza da ongietorria. Eta zikloaren muina bada organoak biziberritzea”. Aurten ere zikloak aurrera darrai, gaur bertan 20:00etanGernikako Andra Marin Carlos Arturo Guerrak eskainiko duen emanaldian. Hurrengoak Arratzun -abuztuaren 3an Graziella Morino sopranoa eta Nozomi Fukuda armonio-jolearekin, 20:00etan-, Busturiko Axpeko elizan -Radoslaw Marzekin, abuztuaren 10ean, 20:00etan- eta Mundakan -abuztuaren 15ean, 20:00etan- izango dira. Zikloari amaiera emateko, Benantzi Bilbao berak eta Javier Artigasek izango dira.