EA. Zortzi ikaslerekin ireki bazen ere, Eako Natxituko auzoan kokatutako Haizeder eskola asko hazi da azken urteotan, ikasturtean 35 neska-mutil aritu direlarik bere Haur Hezkuntzako ikasgeletan. Hala ere, guraso plataforma hezkuntza zentro publikoa handitzeko lanetan dihardu, 2020ko ikasturtean 12 urtera arteko eskaintza izateko. Eta Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko Udalek mozioa onartu berri dute, Haizeder handitzearen alde.

Handitzeko egitasmoa babesteaz gain -Haur Hezkuntzaz gain ikastetxeak Lehen Hezkuntza eskain dezan-, mozioak Elantxobe, Ea eta Ibarrangeluko Udalei dei egin die, “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari Haizederren Lehen Hezkun-tza ezartzeko gurasoek hasitako bideari ekin eta horretarako beharrezko baliabideak eskura jar-tzeko”, hauek “bai ekonomikoak, bai humanoak” izatea eskatuz. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko “2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Plangin-tzan eskolaren handitzeak dakar-tzan inbertsioak kontenplatzeko eskea ere luzatzea” izan da eskaizunen artean.

“Haizeder Handitzen guraso plataformako gurasook badaramatzagu hilabete batzuk haizeder eskola 12 urtera arte luzatzeko beharra gizarteratzen”, zehaztu dutenez, izan ere Haizeder eskola publikoak “Elantxoben, Ibarrangelun zein Ean bizitzeko motibazioa ekarri digu familia berriei, zeintzuk geure bizi proiektu integralak landa eremuan, gurean, gauzatzeko aukera ikusi dugun, gure inguruko herri txikiak arnasberritu eta etorkizunera begira jarriz”. Hori dela eta, eskaria argia da: “6 urtetatik 12 urtera arte adin tartea luzatzea da gure nahia, umeek urtean 4.200 kilometro bidaiatu beharrean, herrian bertan geratuz, elkarren arteko loturak sendotu eta eskola txikiek eskaintzen dituzten abaintailak izan ditzaten”.

Haizeder eskolako ikasleek, 6 urte beteta, Gernika-Lumoko Barrutia ikastetxera jo behar dute euren ikasketak jarraitu ahal izateko. Eskolak herriari bizitasuna ematen diola ete, “horregatik nahi dugu haurrak, ahal dela, herrian bertan edo alboherrietan gelditzea. Pena ematen du haur bat zentru handiagoetara eraman eta gero herrian integratu ezinik eta loturarik gabe gelditzen dela ikusteak. Helburu nagusia, beraz, Haizeder eskola sendotzea da, Lehen Hezkuntzako etapa osoa integratua izan dadin”.

Bestetik, Haizeder Handitzen plataformak argi dio ikusten du eskolaren etorkizuna bermatuta dela. “Aurrikusitako hazkunde demografikoaren gorakadak proiektu honen iraunkortasuna eta arrakasta bermatuta du”. Horrexegatik Eusko Jaurlaritzari luzatu diete eskaera. “Beraiekin egindako bilera positiboa izan zen, baina oraindik ez daukagu delegaritzaren oniritzia. Zalantzarik ez dago planteatzen dugun erronka interes orokorrekoa dela, eta, hiru herrietako udal ordezkaritza osoaren babesa jaso dugunez, badakigu proiektuak aurrera egingo duena”, diotenez. Bestalde, plataformak jakin badaki ulergarria dela “Lakuarentzat martxa hau azkarra izatea -2019-2023 plangintzaren barruan sartzea-, baina erronkak tamainako erantzuna eskatzen du. Gurasook aktiboki lanean jarraituko dugu”. Kasu honetan, eta mozioa onartu berri ostean, Haizeder Handitzen plataformak bidelagun izango dituzte Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko Udalak.