Gernika-Lumo - Arraroa egiten da Gernika-Lumoko Kultur Etxera sartu eta Ricar Abaunzarekin tupust ez egitea. Hala izan da azken hilabeteetan, baina udalerriko eta eskualdeko artistek ez dute Abaunza inolaaz ere ahaztu. Azken 43 urteetan herriko eta Busturialdeko kulturaren zaindari, udan urtero egiten den eta gaur zabalduko den Gernikarte disziplina desberdinetako -argazkigintza, pintura, eskultura, zeramika, diseinu grafikoa edo ehungintzak, besteak beste- erakusketa kolektiboak omenaldia egingo dio hiru hamarkadatan zehar egindako lanaren aitortza moduan. Guztira 33 sortzaileren lanak biltzen dituen mostra irailaren 12ra arte izango da ikusgai. “Urte mordoa egin dut; hala izan da. Baina gustora aritu naiz, kultur munduan murgilduta eta artista askorekin kontaltuan”, dio Abaunzak bere ibilbidearen laburpen gisa.

Betidanik izan du lotura Abaunzak artearekin, batez ere pinturarekin. Arte Ederrak ikasi ostean hasi zen bere lehen lanekin, “eta orain denbora izanda berriro ere arituko naizen pinturarekin”, dioenez. Hiru hamarkada baino gehiago Kultur Etxearen zuzendari izanik, “denetarik ikusi” duela aitortzen du, baita Gernika-Lumon kulturak izan duen ibilibidea bera ere. Orain 30urte gaur eguneko Kultur Etxea izango genuela ez nuen imajinatuko ere”. Erakusketak, Arteeskola, ikastaroak, sortutako afizioa, ematen diren klaseak... eraikinak bizitasun handia badu, Abaunzaren lanak zerikusia izan duelan seinale da. Gernikarteri dagokionez, “beti ezagutu” izan du ekimena, “hasieran gela txiki geratu” izan bazen ere. Zehazten duenez, “beti euki dogu harremana jende berriarekin, eta gaur egunean 35 lagun bildu gara. Batzuk Kultur Etxean egin zuen bere lehen erakusketa, baia saiatzen gara aktiboa den jendea deitzen. Jende gaztea zein zaharragoa, denoi egiten diegu lekua. Hasi ginenean Caja Laboralean egiten zen, eta urtero-urtero gero eta parte hartzaile gehiago ditugu”.

“Denborak aldatzen direla argi da”, azaltzen du Ricardok, “balantze positiboa” eginez bere iblibideari buruz. “Ekintza aldetik, ondo”. “Honetatik aparte, Arteskolan 60 bat aritzen dira, badagoz lanak egiten, argazki ikastaroak eta eskulanak, beste 60 edo... Jende gehiago etortzea nahiko genuke, batez ere ikusleen aldetik. Lehen jende gehiago iblitzen zen erakusketak ikusten. Saiatzen gara hurbilekoei lekua ematen, kolektiboak, herriz-herriz dabiltzanak... baina orain jende gutxiago dabil ikusle moduan”, azaltzen du. “Kultura iraupen luzeko lasterketa da”, azaltzen duenez.

Artista garrantzitsuak ere eman dute denbora Abaunzarekin, besteak beste Nestor Basterretxea edota Eduardo Chillida, udalerrian lanak dituztenak. Baita nazioarteko artistekij ere, Gernikan harremana duen Pforzheim hiri alemaniarrean, “edota Australiako batzuekin”. Baina egunerokoaz “ikasi” duela dio Abaunzak. “Jendearekin tratuan ibiltzea, erakusketak montatzea eta albe batetik bestera ibili izana”. Bitxikeriak ere ugari pilatu ditu gernikarrak bere lanpostuan. Adibidez, “orain urte asko gertaturikoa: lapurketa batena. Mineralak eta fosilak erakutsi genituen, eta bertatik 2.000 ikasle inguru pasatu ziren. Harri txiki bat, inportante ez omen zena, desagertu zen, eta egunkari guztietan agertu ginen”.

Etorkizunari begira, orokorrean Gernikakoa eszena “ona” dela deritzo. “Musika mailan denok ezagutzen dute badela Gernikan talde piloa.. baina uste dut orain dela 20 urte ez genuela pentsatuko ere horrelako Musika eskola izango genuenik, Julia Foruriaren eskola, Kultur Etxea, Astra... Alde horretatik, ondo. Elkarteak ere asko daude, ereme ezberdinetakoak, berriztu beharra izango da. Arteari dagokionez, pintzelekin gero eta gutxiago aritzen dira eta arte berriak sartu dira, bideogintza eta abar...”. Abaunza, hala ere, berera arituko da. Pintura, “oso gogoko” duen historia eta Gernikako bonbardaketaren influen-tzia duten kantak, liburuak, artelanak eta abar biltzen.