Markina-Xemein - “Arteari eta sorkuntza artistikoari bultzada emateko asmoz”, Markina-Xemeingo Udalak estrainekoz antolatu du aire libreko Margo Lehiaketa. “Lehiaketa uztailaren 15ean ospatuko da, Karmen jaien barruan”; baina artistak lehian aritzeaz gain, “herrian zehar ibilbide artistikoa egiteko aukera ere eskainiko du”, margolarien lana ezagutarazeko.

“Parte-hartzaileek, behin udaletxean erregistratuta, nahi duten tokian landu ahal izango dituzte euren margolanak”, beti ere “Markina-Xemein eta bere inguruak gaitzat hartuta”. Bestetik, lehiaketa kategoria desbedinetan banatuko da, parte hartzea errazteko. “Horietako bakoitzean sari desberdinak” izango direla aurreratu dute Udaletik. “Batetik, Nagusien kategorian, 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du. Kategoria honetan, hiru sari banatuko dira -800 euro, 500 euro eta 400 euro-. Paisaiak, inguruak, herriko txokoak, eraikinak, herritarrak... edozein izan liteke lanaren irudia. Teknika ere librea da. Arauek zehazten dutenez, “edozein material erabili ahal izango da margotzeko”

Horrez gain, “infantilen mailako -0 eta 12 urte bitartekoak- eta jubenilen mailako -13 eta 17 urte bitartekoak- lan onenek ere saria izango dute. “Kasu honetan, pintura materiala izango da saria -112 euro eta 134 eurotan baloratua, hurrenez hurren-. Azkenik, markina-xemeindar onenak ere saria izango du”, kasu honetan 150 euro poltsikoratuko dituelarik.

Epaimahaia Uztailaren 15ean eman beharko da izena, 09:00 eta 10:00ak bitartean eta lanak entregatzeko ordutegia 15:00etan hasiko da, 17:00etan bukatuz. Pintura eta arte munduko herritarrek osatuko dute epaimahaia, “eta beronen ardura izango da lanak baloratu eta irabazleak aukeratzea”. Hala, erabakia 19:00etan jakinaraziko da, Uhagone kulturguneko lehen solairuan. Azkenik, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat egingo da Uhagonen. “Egileek euren lanak salgai jarri ahal izango dituzte, lanak entregatzean prezioa zehaztuz”.

Ibilbideari dagokionez, goizean izango da, 10:00etatik 13:00etara. Horretarako informazio puntua kokatuko da udaletxe aurrean. “Bertan, margolari bakoitza herriko zein puntutan egongo den” jakinaraziko zaie markinarrei. Era honetan, margo ibilbidea egiteko aukera egongo da, artista bakoitzaren sorkuntza prozesua gertutik jarraituz”. - I. Fradua