Gazteen adikzio programa, “arrakastatsua”

Lea-Artibaiko Amakomunazgoaren ekimenak 1.179 ikasleei eragin die

09.02.2020 | 07:19
Nerabe bat Lekeitioko kaleetan zehar.Argazkia: I. F.

Lea-Artibaiko Amakomunazgoaren ekimenak 1.179 ikasleei eragin die

Markina-Xemein - Nerabe eta gazteen artean adikzioei eta honi lotutako arazoei aurre egitera bideratzeko programa arrakastatsua izan da Lea-Artibaien. Eskualdeko Amankomunazgoak eskainia, ikasturtean zehar 12 eta 18 urte bitarteko 1.179 ikasleei zuzendu zaie "prebentzioan" datzan programa berezia.

Hala azaldu du Rakel Elu Bengoetxea Amankomunazgoko lehendakariak. "Programaren oinarria prebentzioan datza. Lan izugarria baitago eremu horretan egiteko, batez ere, informazio egiatia ematen. Baina tamalez, badira jada adikzio arazo handiagoak dituzten gazteak eta esku hartzeko baliabideak ere garatu ditugu". Amankomunazgoaren datuen arabera, "2018 urtarrila ekaina bitartean 648 ikasle izan ziren parte-hartzaile"; eta urritik abendura beste 531 ikasle izan ziren. Alkoholaren, drogaren eta tabakoaren kontsumoa eta giza trebetasunak edo jokoen apustuen prebentzio tailerrak eskaini zaizkie gaztetxoei, nahiz eta beste programa mota batzuk ere garatu diren, besteak beste dependentzia emozionala lan du delarik DBH 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleentzat eskuragarri izan dena.

"Bestetik arrisku egoeran dauden adin txikikoei edo ikas zentroetatik kanporatu diren ikasleekin ere esku-hartzea izango da, bertan hausnarketarako beharrezkoa duten espazio baldintzak erraztea izango delarik helburua", Amankomunazgotik jakinarazi dutenez. "Horretarako, ezinbestekoa izan da ikas zentroen sentsibilizazioa eta era berean guztien inplikazioa, lankidetzan jarduteko". Amankomunazgoaren ustez "oso jarrera positiboa izan da ikastetxeen aldetik".

Ikastetxeen laguntza Bestetik duela bi ikasturte egin bezalaxe, "aurten ere ikaszentruen laguntzarekin", azterlan bat egin da Lea Artibaiko 14 eta 18 urte bitarteko ikasleekin, "adikzioa sortu dezaketen elementuen inguruan. Honela, gazteen drogen inguruko jarrera, kontsumo eta pertzepzioaren inguruko diagnosi erreal bat egitea izan da helburua". Bada, ikasturte bakoitzean "gai zehatz bat landuko" dela aurreratu dute. "Arazoa duen edozein gaztek eskuragarri ditu informazio eta laguntza zerbitzuak", gaineratu dutenez, bai alkohol, droga zein tabakoaren kon-tsumoaren prebentzioari dagokionez, baina baita "estreinakoz" egin den giza trebetasunak edo jokoen apustuen prebentzio tailerrari dagokionez. "Orain arte ez da jokoaren gaineko lanketarik egin. Ordea, gora egin du Euskal Herri osoan gai honi lotutako kaltetu kopuruak. Amankomunazgoan ere kezka honi aurre egin nahi izan diogu eta harrera oso ona izan du".