Markina-Xemein - Herriko musikariek protagonismo berezia izango dute udabarrian zehar, eta hiru hitzordutan, zabalduko den Markina-Xemein Musika Haizeak festibalean. Mikel Ansola organo-jolea zein Maddi Txurruka tronpeta-jolea oholtza gainean izango dira, Bizkaiko zein Gipuzkoako musikariekin batera. “Udalaren ekimenez antolatu da kontzertu zikloa, maila handiko herriko eta kanpoko musikari gazteen parte-hartzea izango duena”, zehazki.

Martzotik maiatzera luzatuko den Markina-Xemeingo Musika Haizeak zikloaren kontzertu guztietarako sarrera “doan izango da”, Udaleko bozeramaileek zehaztu dutenez. Lehen emanaldia larunbat honetan ospatuko da, 19:00etatik aurrera, Xemeingo elizan. “Mikel Ansola organo-jole markina-xemeindarrak eta Aritz Labrador txistu-jole zornotzarrak eskainiko dute emanaldia. Biak ala biak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolan ari dira ikasketak egiten”.

Bigarren kontzertua, ostera, apirilaren 20an izango da, 19:00etan. Kasu honetan, “Arretxinagako ermitan eskainiko da emanaldia. Lucia Arzallus donostiarrak eta Ignacio Arakistain azpeitiarrak piano kontzertua eskainiko dute, lau eskutara. Bai Arzallus eta bai Arakistain ere Musikeneko ikasleak dira”. Azken kontzertuari dagokionez, Ansola beste behin izango da oholtza gainean. Hala ere, Markina-Xemeingo beste musikari gazte batekin. “Salamancan musika ikasketak egiten ari den Maddi Txurruka tronpeta-jolea” izango du lagun. Emanaldia maiatzaren 4erako programatu dute, Xemeingo elizan, iluntzeko 19:00etatik aurrera. - I. Fradua