DAL artxiboan aurki liteke Lekitto Musika Bandaren lehenengo erreferentzia idatzia, 1867ko udaberrian gazte talde batek udaletxera laguntza eske jo zuela dioena. Musika-tresnak finantziatzeko diru-laguntza lortuta, hala ekin zion taldeak bere historia luzeari. Mende eta erdi geroago, Lekitto Musika Bandak 2017an ospatu zuen urteurren hain berezia. Osasuntsu eta musikariz beteta, hala ere “urte latza” pasatzen ari direla azaldu zuen elkarteko arduradun den Urtzi Iriondok. “Urte gogorra izaten ari da”, etenaldi baten antzerakoa. Baina etorkizunari esperantza beteta begiratzen diote. Izan ere, Lekeitioren soinu-banda izaten jarraitzea dute helburu nagusi.

Prestaketa lanak alde batera utzita, sikieran presentzialki egiten zituztenak, Lekeitioko musika bandak bere entseguen formatoa aldatu behar izan zuen. Garai berrietara egokitu, internetek eskaintzen dituen abantailetara. Baita, kasu batzuetan, euren egutegian finkoak diren hainbat emanaldi ere bertan behera utzi. Udabarriko kontzertua, uda partean Lekeition bertan eskaintzen zituzten bailableak, noizbehinka beste musikari eta musika bandekin egiten zituzten emanaldi bereziak... “Zoriotxarrez emanaldi nahiko bertan behera utzi behar izan ditugu”, Iriondoren esanetan. Hain berezi diren San Antolin jaietan ere ez zen musika soinurik entzun Lekeition, urtero zuen protagonismoa galduz. Baina pandemia egoerak ez du taldearen desagerpena ekarri, ezta gutxiago ere. Kulturaren egoera hain traketsa izan arren, “borrokan” mantenduko dira, Musika Banda herriko kaleetara bueltatu dadin.

“Konfinamendu garaian etxetik egin behar izan dugu gure lana, eta ez da erraza izan. Luzea ere izan da, baina buelktatzeko” irrikaz daude. Bada, musikari bakoitzak egindako lanak ez du etenaldirik izan, eta asko izan dira euren Facebook orrialdean jaso dituzten bideoak. Gaur eguneko egoerak ere ez du batere laguntzen, koronabirusaren bigarren uholdean barrena. “Konfinamendu garaian ere modu honetan lan egin genuen, partiturak ikasi, bideoan grabatu eta zuzendariari bidali. Honek bakoitzaren jarraipena egin eta hobetu beharreko gauzak zehaztea” ahalbidetu zuen.

Hain historia luzea duen elkarteak, bada, Lekeitioko musikari gazteak batzen ditu. Azken urteei dagokienez, esan behar da Urtzi Iriondok hartu zuen zuzendaritza 2006an, eta ordutik gaur eguneraino bandaren presentzia areagotu egin da. “Musikarekin disfrutatu eta disfrutatu eragin” da bere leloa, eta hori errealitate bihurtzen ahalegintzen dira lekeitiarrak. Urtero urtero ere musikari berriek egiten dute salto bandara. “Kimu berri hauekin guztiekin eztituta aberastu egin da Musika Bandaren zuhaitza, baina benetako aberastasuna urte guztian egiten duen lanean dago”, diotenez. Eta “Musika Bandaren fruituekin elikatzen da Lekeitioko herria, eta herriak dion maitasunarekin elikatzen da Lekitto Musika Banda”.