Barakaldoko alkate Amaia del Campok Burtzeñako enpresa-parkearen proiektua martxan jartzea udalerriarentzat albiste bikaina dela esan du. Joan den astean, Spriliur-ek enpresa-parkean 80.000 metro karratuko lurzorua erosi zuen.

"Azkenik, proiektua indarrez abiatu da, eta, alde batetik, lur horietako kutsadura kentzea lortuko dugu, eta, bestetik, itsasadarraren ondoko eremu estrategikoari balioa ematea", baloratu du Amaia del Campok.

Spri Taldean sartuta eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen Sprilur enpresak joan den astean azaldu zuenez, Burtzeñako Enpresa Parkean 80.000 metro karratuko lurzorua erosteko 9 milioi euroko eragiketa bat itxi du. Eragiketa horren bidez, Sprilur-ek 80.000 metro karratu erosi ditu, eta Burtzeña Enpresa Parkea partaidetza-sozietatearen jabetzakoak diren ia 115.000 metro karratuekin batera, azalera osoaren % 70 dira, gutxi gorabehera, beraz, Burtzeñako jarduera-eremuaren gehiengoaren jabea da.

"Jarduketa horrek bi onura handi ditu Barakaldorako: batetik, hiriaren bigarren eraldaketa handian aurrera egiten laguntzen dio. Izan ere, Burtzeñako El Calero eta Lutxanako Sefanitroren garapenarekin batera, Burtzeña Parkearen proiektua abiarazteak eremua behin betiko eraldatzeko eta bi auzoak lotzeko balioko du, lortu nahi dugun hiri-ereduari koherentzia emanez: auzoak lotuta dituen hiria da, eta ez auzo isolatuak dituena, orain arte bezala", azaldu du Del Campok. "Bigarren helburua Barakaldon abian jartzen ari garen eraldaketa sozialari dagokio. Horregatik, pertsonak izango dira gure ardatz nagusia, bizitzeko eta lan egiteko hiri bat eraikitzearren. Hori guztia kontuan hartuta, proiektu hori funtsezkoa dela uste dugu kalitatezko enplegua sortu nahi badugu.

Sprilur-ek Burtzeñako Enpresa Parkearen eremuan lurzoruaren berroneratzea bizkortzea aurreikusten du; izan ere, gaur egun, parke horretan, euskal lurzoru publikoaren sozietatea 289.469 metro karratuko jabea da, eta Ezkerraldea industria-azpiegitura berriez hornituko du, eta behar bezala egokitutako eta lehiakorragoak diren espazioei balioa emango die. "Beti defendatu izan dut Barakaldok bere ardatz industriala berreskuratu behar duela. Eta XXI. mendeko industriaren bidez egin behar du, industria moderno, iraunkor, ez-kutsatzaile eta berritzaile baten bidez. Lursail horiek berreskuratzea izan daiteke gure hiriak industria-aukerak berreskuratzeko behin betiko bultzada" azpimarratu du. "Proiektu hori garrantzitsua da Barakaldorentzat, baina gainerako lurraldearentzat ere bai, eskualde estrategiko gisa kokatuko gaituelako, eta kalitatezko enplegu-aukera berriak ekarriko dizkielako gure bizilagunei" adierazi du. "Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet erakundeei, errealitate bihur dadin" esan du amaitzeko.