Ostiral honetan, uztailak 2, Sestaoko Udalak udalerriko alaba kutun izendatu du Sabina de la Cruz irakasle eta idazlea.

Bere ahizpa eta bi iloba bilkuran egon dira, eta titulua nahiz San Pedro plazaren erreprodukzioa jaso dituzte, gorespen honen oroigarri gisa.

Sabina de la Cruz Sestaoko alaba kutun izendatzeak bere jatorria erakunde-adierazpen batean du. Hori ere Udalbatza Osoak aho batez onetsi zuen abenduan. Bereizgarri hori emateaz gain, Udalbatza Osoak konpromisoa hartu zuen, batetik, udal-liburutegiari bere izena emateko eta, bestetik, Blas de Otero kalean irudi oroigarri bat jartzeko.

Sabina de la Cruz Sestaon jaio zen, merkatarien familia baten babesean, eta berehala hasi zen nabarmentzen arlo akademikoan Batxilergoko ikasketekin, emakume gutxik hori egiteko aukera zuten garai batean. Bere gaitasuna eta pertseberantzia oso irmoak zirenez, Sestaoko Udalaren beraren beka lortu zuen berrogeiko hamarkadan, eskuraezina zenean erregimen frankistarekin lotuta ez zeuden pertsonentzat.

Gerra Zibilaren ondoren, bere amak familia aurrera atera zuen Txabarri kaleko Azul tabernari esker. Hartan behin baino gehiagotan, klaseen ondoren, lankidetzan aritzen zen negozioaren zereginetan. Familiaren egoitza tabernatik oso hurbil zegoen, eta etxe horretan ezagutu zuen Blas de Otero olerkaria, bere bizi guztian zehar eskutik ez uzteko.

Urte batzuk geroago Filologia Erromanikoan doktoretza lortu zuen eta espezialitate horretako eskolak eman zituen, Italiera Dialektologia, Euskal Linguistika eta Espainiako Literatura Garaikidearekin batera Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Bertan denbora luzeaz jardun zuen irakaslearen lanetan.

Oso gaztetatik Bilboko kultura giroan murgildu zen, eta solasaldi anitz izan zituen garai hartako intelektual nahiz artista ugarirekin, hala nola Angela

Figuera, Gabriel Aresti, Agustín Ibarrola, Vidal de Nicolás, Gabriel Celaya eta, nola ez, Blas de Oterorekin.

Olerkaria Kubatik hirurogeiko hamarkadaren hasieran dibortziatuta itzuli zenean, bere maleta hartu eta Madrilera joan zen bere ondoan egotera. Urte haietan Sabinak bere lanbide-jarduera hizkuntza eta literaturaren inguruan garatu zuen. Zeregin hori ez da oso ezaguna, baina bere argitalpenek ageria uzten dute bere idazkien garrantzia.

Sabina de la Cruz Blas de Otero hil ondoren itzuli zen Euskadira, irakaskuntzari berriz eusteko eta Bizkaiko Arte Elkartean partaidetza berreskuratzeko. Bere bizitzako azkeneko urteak Blas de Otero fundazioaren bidez bere senarraren literatura-lanak biltzen eta hedatzen eman zituen, fundatzailea eta burua zen heinean.

Joan den azaroaren hil zen 91 urterekin, baina legatu garrantzitsua utzi zuen.