Barakaldoko Udalak uztailaren erdialdean hasiko ditu Serralta ingurua urbanizatzeko lanak. Bertan 56.915 metro koadroko parkea eraikiko da, besteak beste. Barakaldoko Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok planaren nondik norako guztiak azaldu egin ditu.

"Barakaldoko hiri-eraldaketan duela urte asko hasitako urrats berri bat da. 2006an asmo handiko proiektu bat onartu zen, krisiak geldiarazi zuena, eta, azkenean, errealitate bihurtuko dena eta Llano, Lutxana eta Gurutzeta auzoak biziberrituko dituena, garai batean hidrokarburo fabrika batek okupatutako eremu bat berreskuratu baitzuten auzotarrentzat", adierazi du Pizarrok.

Zinegotziak espero du Serralta Parkea "barakaldar guztiei irekitako aisialdirako toki bihurtzea, eta altxor berdeen triangelu bat osatzea Ramón Rubial Lorategi botanikoarekin eta Munoa finkarekin, zentzuk jendeari ireki baitzitzaizkion, 2002an eta 2015eko martxoan, hurrenez hurren ".

Peter Wirtz paisajista belgikarrak diseinatua da. Serralta Parkearen goialdean mendi artifizial bat egongo da, Gurutzetako aldagailurantz begira, soinu-hesi izango dena. Halaber, bost pantaila akustiko jarriko dira autobidearen eta N-634 errepidearen ondoan; horietatik bi metakrilatozkoak izango dira eta beste hirurak, berriz, horma berdeak.

Parkea barne hartzen duten urbanizazio-obrek 13,36 milioi euroko aurrekontua dute, eta apirilean, lizitaziora atera ziren Serralta Parkeko EB-21eko Kontzentrazio Batzordearen eskutik. Batzorde hori lurraren jabe diren erakunde pribatuek osatzen dute, eta Eretza udaleko hirigintza-sozietateak ere parte hartzen du.

Joan den astean, Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloak hamabi seinale jarri zituen eremuan, lanak noiz hasiko ziren jakinarazteko, plana gauzatzen ez zen bitartean lursail horiek erabili dituztenak eremua libre uzteko behar besteko denboraz informatuta egon daitezen. Izan ere, urte askoan erabili izan da lurzoru pribatu hori beste jarduera batzuetarako, hala nola baratzetarako edo aparkalekuetarako.

ETXEBIZITZAK

Parkeko obrak eta eremuko urbanizazioa amaitu ondoren, 700 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horietatik 150 baino gehiago babes ofizialekoak izango dira. Solairuak bi aldetan eraikiko dira: Lutxanatik hurbilen dagoen zatian eta goiko aldean, Gurutzeta ondoan.

Serraltako operazioa Lutxanako Plastificantes enpresaren instalazio zaharrak bizitegi-gune berri bihurtzeko asmoz sortu zela gogorarazi du Pizarrok, hiri-parke handi batekin. Horretarako, Udalak hirigintza-plan bat onartu zuen, eta lursailaren jabeek lurzorua deskontaminatu zuten, dagozkion ingurumen-agintaritzei jarraituz. "Orain plan hau errealitate bihurtzen hasi da", esan du zinegotziak.

Juan Antonio Pizarrok azaldu duenez, Serraltako lanak 1,1 kilometroko bidegorri berri bat izango du, Ansioko tunela eta Gurutzeta lotuko dituena, eta autobidearen eta N-634 errepidearen paraleloan eraikiko da, Andikollano kaleko 55 zenbakiaren parean.

"Barakaldoko auzo guztietan mugikortasun iraunkorra errazteko konpromisoa betetzen dugu horrela", adierazi du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloko zinegotziak. Ildo beretik, parkeko sarrera batean bizikleta-aparkalekua ere egongo da.