Herriko ostalaritzaren sektoreari bideratutako kanpaina berri bat jarriko du martxan Sestaoko Udalak, beirazko ontzien hondakina ondo birzikla dezaten. Kanpaina honen barruan, udalerriko 120 ostalaritza-establezimendu bisitatuko dituzte Udalaren ordezkariak.

Kanpaina honekin Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko 11/97 Legeak xedatutako berreskuratze- eta birziklatze-helburuak hobetzeaz gain, Sestaoko ostalaritzaren sektoreko enpresaburuei lana erraztu nahi zaie ingurumena erabat errespetatuz beren jardueraren ondorioz sortutako hondakinak kudeatze aldera. Hori guztia egin nahi da klimaren aldaketa geldiarazteko Europar Batasuna sustatzen ari den ekonomia zirkularraren planteamenduekin bat etorriz.

Edukiontzian botatzen den beira % 100 birziklatzen da, eta mugarik gabe, baita jatorrizko ezaugarriak galdu gabe ere, ontzi berriak fabrikatzeko erabiltzen da. Beira birziklatzeari esker, zabortegien hazkuntza saihesten da eta, gainera, ontzi berriak fabrikatzeko prozesuan CO2-ren igorpenak eta energia-kontsumoa minimizatzen dira.

Ekimen honen esparruan, Udalak landa-lana egingo du ostalaritzaren sektorean beira-ontziak birziklatzearen arloan ezagutza indartzeko eta birziklatzeak sortzen dituen ingurumen-onurei buruz sentsibilizazioa sustatzeko. Helburua da edukiontzian desegokien kopurua murriztea, sailkatu eta birziklatzeko orduan horiek kalitatezkoak izan daitezen.

Lehenengo fasean informazioa helarazi eta beharrak antzemango dira, zenbait edukierako ontziak entregatuko dira establezimendu bakoitzak sortutako bolumenaren arabera beira-ontzien hondakinak errazago birziklatzeko eta birziklatze aldera erraztasunak emango zaizkie. Arrazoizko epea igarotakoan bisita berriak egingo dira, jatorrian behar bezala bereizten dela egiaztatzeko.

Ostalaritzaren sektorearekin lankidetzan jardutea oso garrantzitsua da materialaren gaikako bilketaren tasak areagotzeko, ostalaritzak ia erabilera bakarreko beira-ontzien hondakinaren % 50 sortzen baitu. Horregatik, funtsezko sektorea da birziklatze-helburuak lortu nahi badira. Ildo horri eutsiz, sektorean ohitura jasangarriak ezartzean edozein aurrerapen klimaren aldaketaren aurkako borrokan hobekuntza adierazgarria da.