BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak udalerriko basabide batean hondakinak bota zituzten pertsonak identifikatu ditu dagoeneko. Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok ezagutzera eman ditu operazioaren nondik norakoak.

Iragan maiatzaren 7an esku-hartu zuten udaltzainek. Goizeko 11:38an eskatu zien udal basozainak auzo-unitatera atxikitako poliziei antzinako Franko-Belgikar bideko La Balsa ingurura ager zitezen, bertan aurkitutako hondakinak aztertzera.

Bertaratutakoan, hainbat zaku aurkitu zituzten zelaiaren izkina batean metal eta plastikozko xaflez, irinez, pladur motako isolamenduko ebakiz, plastikozko kutxez, ibilgailuetako piezez eta kristalez beteta. "Zakuetako batean, gainera, enpresa bateko faktura-sorta bat agertu zen, eta hari eskerrak jarraitu ahal izan zioten agenteek hondakinen jatorriaren arrastoari", zehaztu du Madrazok.

Udaltzaingoaren peskizek Abanto udalerriko poligono batean kokatutako industria-lokal batera eraman zituen poliziak. Han, basabidean aurkitutako hondakinekin bat zetozen hondakinak aurkitu zituzten esparruaren barruan: instalazioetan egiten ari ziren erreformetako hondakinak, hain zuzen ere.

Horregatik erabaki du Tokiko Poliziak botatako hondakinak industria-pabiloi horretakoak direla, eta enpresako arduraduna nor den jakin dute.

Hau da, aste gutxitan, poliziak Barakaldon legez kanpoko hondakin-isurketa baten egileak nor diren jakin duen hirugarren esku-hartzea. Alor horretan, tinko esku-hartzen ari dira Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila eta Garapen Jasangarria eta Ingurumen arloak arduragabekeriaz jokatuz Barakaldoko berdeguneak kutsatzen ari direnen aurka.

ARRANDEGI BATEAN LAPURTZEAGATIK ATXILOTUA

Bestalde, ostiralean goizaldean gizonezko bat atxilotu du Barakaldoko Udaltzaingoak, arrandegi batean indarrez lapurtzea egotzita. Auzotar batek hots egin zien agenteei, gizonezko bat ikusi zuelako lokal batera lurrean arrastaka sartzen, pertsianaren eta haren beheragunearen arteko zulo estuan sartzeko.

Orduantxe hasi zen alarma jotzen, eta poliziak zain geratu ziren lokaleko titularra iritsi arte. Aldi berean, segurtasun enpresak Tokiko Poliziari jakinarazi zion saltokiko sarrerako kamerak kaputxadun gazte bat barrura sartzen erregistratua zuela, barruko kristalezko ateak behartu eta beste kamera apurtu eta kendu ondoren.

Arrandegi barruko mahai baten azpian aurkitu zuten lapurra, 396.65 euro zituela. Hori dela-eta, polizia-etxera eraman zuten.