BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen atzo gazteak emantzipatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza aldatzea. Horren ondorioz, Udalak alokairuak ordaintzeko dirulaguntzak eskaini ahal izango dizkie udalerriko gazte multzo bati.

2017ko Aurrekontuei PSE-Eek egindako emendakin baten bidez sortu zirela laguntzak gogoratu du Etxebizitza eta Hirigintza Plangintza eta Kudeaketa Arloko Juan Antonio Pizarrok, gaurkoan osoko bilkurak aldatu duen ordenantzari bide eginez.

"Administrazioaren ekimenak bizirik egon behar dute, eta horrenbestez, xede duten helburua lortzen ez bada, egokitu eta berriz pentsatu behar dira", adierazi du Pizarrok. Alde horretatik, duela bi urte, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sortu zuen Gaztelagun Programa udal laguntzei gainjarri zitzaien, eta ondorioz 160.000ko partida bateko 70.000 euro erabili gabe geratu ziren.

Horrek bultzatu zuen, hain zuzen ere, Juan Antonio Pizarro ordenantzan aldaketa batzuk egitea proposatzera, etxebizitza arloan beharrizana duten eta beste laguntzak iristen ez diren multzoetara iristeko.

Pizarrok adierazi duenez, aldaketaren ondorioz, laguntza eskatzeko gehienezko adin-muga 38 urtetan jarriko da, arazoak bere horretan baitirau "gazte izatearen zorteaz gozatzen den etapa batean". Era berean, diru-sarreren muga handitu egingo da, izan ere, premiek gora egin dute soldaten alderantzizko proportzioan, eta are gehiago bizi dugun pandemia honetan. "Adibidez, azken aldi honetan areagotu egin dira guztion teknologia-beharrak, besteak beste, telelanaren karietara".

Ordenantzari egin zaizkion beste aldaketa batzuk dira: alokairuaren dirulaguntza errentaren % 60ra arte zabaldu ahal izatea laguntzen deialdian, eta eskatzen den erroldatze-aldia sei hilabetera edo, azken 15 urteetan etenekin, 2 urtera luzatzea, bere garaian udalerritik kanpo bizitzera joan ziren Barakaldoko gazteak itzul daitezen errazteko.

ESKERRAK OPOSIZIOARI

Poza agertu du Pizarrok oposizioko taldeekin elkarrizketa - eta akordio - prozesu bat ezartzeko aukeragatik, eta eskerrak eman dizkie ordenantzaren aldaketari emandako laguntzagatik eta ekarpenengatik.

"Udal-kudeaketaren gehiengoarekin alderatuta, agian txikia den gai bati buruz ari bagara ere, uste dut lan komun hori dela modurik onena gure herritarren beharrei erantzun eraginkorrak bilatzeko.

Ez dugu beti ados jartzerik izango, baina hori aurkitzen saiatzea gure erantzukizuna da, zalantzarik gabe ", baloratu du.

Hala ere, Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketa Arloko zinegotziak ohartarazi du araudi hori aldatzeak ez dituela konponduko arlo horretan dauden arazoak: "Arazoa larria da, eta ez litzateke pentsatu beharko zirt-zart konpon daitekeenik udal ordenantzan artikulu batzuk aldatze hutsarekin; are gehiago, beste gai batzuk ere badaudenean ¿ bereziki, enpleguaren kalitateari eta gazteenen soldatei buruzkoak - ordenantza horrekin ezin konpondu ditugunak, baina zuzenean eragiten dietenak gure gazteen emantzipazio-adinaren atzerapenari, ez Barakaldon bakarrik, baita Euskadi eta Espainia osoan ere".