SESTAO. Eusko Jaurlaritzak alokairuko erregimenean emateko beste 180 etxebizitza eraikiko ditu La Puntan, Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren hitzetan.

Alokairuko erregimenean emango diren babes publikoko 180 etxebizitza berriak bi eraikin berritan banatuko dira, egungo 163 etxebizitzen sustapenaren ondoko orubean.

OBRAK 2022AN JARRIKO DIRA LIZITAZIOAN

Arriolak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak obren lizitazioa 2022ko lehenengo seihilekoan hasi nahi du, lanei hurrengo urtearen amaieran eta 2023ko hasieran ekiteko. Inbertsioa 25 milioitik gorakoa litzateke.

Oraingoz, Eusko Jaurlaritza proiektuaren dokumentazioa Udalari aurkezten hasi da, obren udal-lizentzia egokia lortze aldera.

Etxebizitza horiek eraikitzearekin Eusko Jaurlaritzak aurrerapauso berria emango du Txabarri-El Sol eta Vega Galindon eragiteko 2005ean Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenaren bitartez Sestao gizartearen eta hirigintzaren ikuspegitik zaharberritzeko programaren barruan.

Iñaki Arriolak Sestaora egindako bisitan esan du "udalerriko bi puntuetan jarduketak Euskadiko esku-hartzerik handienak direla alokatzeko etxebizitza berriaren eta hiri-birgaitze eta -zaharberritzearen esparruan".

KAIKU ETORBIDEKO HORMA KONPONTZEA

Aldez aurretik, Udalak Kaiku etorbideko sostengu-horma konpondu behar du etorkizuneko etxeen lursaila egonkortzeko. Gaiari eutsiz, Ainhoa Basabe behin-behineko alkateak jakinarazitakoaren arabera, joan den ostiralean obra presazko izapidearen bitartez adjudikatu zen, ahalik eta lasterren hasteko.

Beraz, hurrengo asteetan Udalak horma konponduko du, Kaiku etorbideak normaltasuna berreskura dezan.

Basabe poztu da Eusko Jaurlaritzak iragarritakoarekin, "pixkana, zailtasun asko gainditu ondoren, gure ametsari itxura ematen ari baitiogu, eta, ondorioz, Barakaldoko Urban Galindoko zatiarekin udalerria konektatzeko zabalgune berriaren bidez Sestaoko hiri-bilbea luzatzen ari baikara Kaikuko La Puntaraino".

Gainera, azpimarratutakoarekin bat etorriz, erakundeen arteko elkarlanean jorratu den proiektu honi esker, "alokairu-erregimeneko etxebizitza publikoak neurrizko prezioan jarriko ditugu Sestaoko herritarren esku. Hori da Gobernu Planeko konpromisoetako bat, Sestaoko gazteak ez joateko udalerritik etxebizitzarik ez dutelako. Modu horretan, herrian bizi-planak egiteko aukera eman nahi zaie, eta, horretarako, Vega Galindoko lurzorua kudeatzen jarraituko dugu".