BILBO. Adineko pertsonentzako egoitzetako erabiltzaileek bisitak jaso dezaten ahalbidetuko du Barakaldoko Udalak, horretarako espazio seguruak zabalduz.

"Pandemia honetan adinekoek eta, bereziki, egoitzetan eta komunitate-etxebizitzetan bizi direnek pandemiaren ondorio kaltegarrienak jasan dituzte, ekipamenduetan kutsatzeak saihesteko neurriak ahalik eta gehien zorroztu behar izan baitira. Hori dela eta, beharrezkoa da kolektibo horrek aldi horretan galdutako espazioak eta jarduerak berreskuratzea, baina modu seguruan egitea, kontaktuak eta pilaketak saihesteko, kolektibo horrekin bizitzea eta elkartasuna adieraztea beharrezkoa den guneetan ", adierazi du alkateak, Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera, El Botxo plazan dagoen adinekoen egoitzaren ondoan.

Hala, Gizarte Ekintzako Arloa duela aste batzuetatik harremanetan egon da espazio propiorik ez duten egoitzekin eta etxebizitza komunitarioekin, egoiliarrek eta langileek, txerto jarri ondoren, proposamenari zer irizten dioten jakiteko. Elkarrekin Barakaldok aurkeztu zuen proposamen hori osoko bilkuran. Gogoratu behar da egoitzetako txertaketari esker egoiliarrek bisita berean bi senide har ditzaketela, gutxienez astean hirutan, ordubetez gehienez. Bisita horien ordez ibilaldiak egin daitezke, betiere baldintza epidemiologikoek eta meteorologikoek horretarako aukera ematen badute, baina gomendioek adierazten diete kasu guztietan saihestu behar dituztela espazio itxiak edo jendetsuak.

EGOITZETATIK HURBIL DAUDEN PARKEETAN

Horrela, Barakaldok aire zabaleko espazio seguruak sortzea erraztuko du, egoitzetatik gertu dauden plaza eta parkeetan erabilera eremuak mugatuz, espazio horiek identifikatzen dituzten kartelekin. Gaur egun, bost egoitzek eman dute ontzat dute neurria: Vitalitas, Sanitas, Clece Vitam, Leireko Andre Maria eta Loiolako Iñigo egoitzek. Gainera, beste hiru daude baieztatzeke, eta beste bat neurria errefusatu duena. "Erantzuna oso positiboa izan da, eta, beraz, espero dugu neurri hau benetan eraginkorra izatea eta gure adinekoei, seguru sentituz, kalearekin kontaktua berreskuratzeko aukera ematea", azpimarratu du Del Campok, herritarrei ekimenarekiko errespetua eta inplikazioa eskatuz.

"Pandemia honetan asko sufritu duen eta aire libreaz modu seguruan gozatzeko aukera gutxiago dituen kolektiboari laguntzeko sortu ditugun espazioak dira", azaldu du. "Espazio horiek ez dute soilik helburu terapeutikoa erabiltzaileentzat, onura fisiko eta psikikoa eragingo baitiete, baizik eta pertsonak eta senideak seguru sentitzea ere; horregatik, horretan laguntzea eskatzen dut, bai eta espazio horiek errespetatzea ere", azpimarratu du alkateak.