BARAKALDO. Barakaldoko Udalak herritarren segurtasuna indartzeko lanean darrai. Oraingo honetan bideozaintzako hiru kamera instalatu ditu Burtzeñako Irailaren Zortzia kaleko bi puntutan. Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi Ángel Madrazok neurri honen ezaugarriak azaldu ditu.

"Burtzeñako auzotarrekin eta eskolako ikasleekin egin ditugun hainbat batzarretan esan izan digute, errepide nazionalera jotzen dutela askotan, kale horretatik ez igarotzeko. Gaur egun kontserbazio-egoera onean ez dagoen eta hiri-birgaitze sakona egiteko zain dagoen eremu batez ari ", azaldu du Madrazok.

Dagoeneko ikuskatu dira erabat funtzionatzen ari diren kamerak, indarrean dagoen legeria betetzen dutela egiaztatzeko eta Bideozaintzako Batzordeak onar ditzan.

Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak gogorarazi duenez, Barakaldon bideozaintza aitzindari izan zen Euskadin, 2010ean Juan Garay eta Letxezar gaueko aisialdi-eremuan kamerak jarri baitzituen, Udaltzaingoaren patruilen lanaren osagarri.

Burtzeñako hiru kamerak jarrita, hiriak mota horretako 16 instalazio ditu herriko 7 puntutan. Honako hauek dira beste 6 kokalekuak: Udaltzaingoaren komisaria (2), Udala (2), Ansio-Lutxanako tunela (2), Barakaldoko Orfeoiaren pasabidea, Bizkaia-Landaburu kaleko tunela (2) eta Juan de Garay-Letxezar aisialdi-eremua (3). Eremu horietako batzuk 'puntu beltz' gisa identifikatu zituzten hainbat emakume-elkartek eta bizilagun-elkartek, eta udalaren eta elkarteen arteko baterako lan-mahaietan kameren bidezko zaintza jartzeko beharra adierazi zuten.

Kamerek disuasio-efektua dute delitugileentzat, eta, aldi berean, delitu bat eginez gero, froga gisa balio dute epaile baten aurrean. "Kamerak erabilgarriak direla frogatzeko, azken egunetan bi atxiloketa izan dira Arrontegi inguruan grabatutako irudiei esker, eta Barakaldoko Orfeoiaren pasabidean nabarmen murriztu dira gertakariak bideozaintza jarri denetik", adierazi du Ángel Madrazok.

TRANSMISIO-GELA

Burtzeñan bideozaintza instalatzeko kontratuaren balioa 15.000 euro ingurukoa izan da. Jarduketaren barruan sartu da kamerak kableatu, jarri eta martxan jartzea, bai eta kamerak Udaltzaingoaren komisariako transmisio-aretotik ikusteko behar diren antenak eta elementuak instalatzea ere.

"Komisariako transmisio-aretoan duela gutxi egindako berrikuntzan, monitore handiak jarri dira postu horretako agenteek bideokamerek zaindutako eremuak hobeto kontrolatu ahal izateko", azpimarratu du Madrazok.