SESTAO. Koronabirusaren pandemiak gogor jo du sektore guztietan, baita ere taxiaren sektorean. Hori dela eta, Sestaoko Udalak dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko du martxan, taxilariei konfinamenduak eta mugikortasun-murrizketek sortutako ondorio ekonomikoak arintzea.

“Azkeneko urte honetan izandako mugikortasun-murrizketengatik bidaia asko galdu ditu taxiaren sektoreak, eta, ondorioz, Udalak positiboki balioetsi du zuzeneko laguntzen programa abian jartzea, zerbitzuak jaisteagatik galera ekonomikoak arintze aldera”, azaldu du Jesús Amenedo Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Xede horrez, Udalak dirulaguntza emango die taxilariei norberaren kontura langile gisa Gizarte Segurantzari kotizatutako kuotak ordaintzeko 2020ko apirilaren 1etik abenduaren 31ra, gehienez langileko 1.500 eurora iritsi arte.

Laguntzaren onuradun izan daitezke autotaxiko lizentziaren titular diren pertsona fisikoak, Gizarte Segurantzarekin, Bizkaiko Foru Ogasunarekin eta Sestaoko Udalarekin betebeharrak eguneratuta badituzte eta, gainera, deialdiaren oinarrietan azaldutako gainerako baldintzak betetzen badituzte. Nolanahi ere, horiek hurrengo egunetan argitaratuko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

10 egun baliodun emango dira eskaerak aurkezteko, oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik zenbatzen hasita. Neurri honi aurre egiteko, Udalak 27.000 euroko aurrekontua du.

Ekintza berri honekin, Sestaoko Udalak beste urrats bat emango du COVID-19aren ondorioen aurka borrokatze aldera gizarte- eta ekonomia-neurrien ezkutua garatzeko orduan.