BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 272.000 euroko aurrekontua bideratuko du Bake kalea eta La Siebe elkartuko dituzten bi hiri-igogailuak jartzeko lanak egiteko. Udalak Gurutzetako gune horretan dauden irisgarritasun arazoak konponduko ditu obra hauekin.

Gaur egun, oinezkoen ibilbidea eskailerak erabiliz egin behar da, edo, bestela, Basatxu kaleko espaloia erabiliz. Bada, horrek aldapa handia dauka, eta bi igogailu jarrita saihestu daiteke. Horrek mugikortasun urriko pertsonak igaro ahal izatea erraztuko du, ez soilik auzoan barrena, baizik eta inguruan dauden osasun zentrorantz eta eguneko zentrorantz ere bai; izan ere, zerbitzu horiek biak asko erabiltzen dituzte adineko pertsonek.

Bake kaleta eta La Siebe oso altu daude, 58,66 metrotan eta 63,15 metrotan, hurrenez hurren. Lehenengoan altuera ezberdinetan jarritako etxebizitza talde bat dago, bai eta Osakidetzaren osasun zentroa eta Bake kaleko eguneko zentroa ere. Kalearen beheko zatian etxebizitzen beste hiru bloke daude, antzeko ezaugarriak dituztenak. Bestalde, La Siebe kalean hainbat etxebizitza bloke eraiki dira azken urteetan. Proiektuak ezabatu egingo ditu kale biak lotzea ekiditen duten oztopo arkitektonikoak, eta ibilbide irisgarri bihurtuko du, gaur egun ez baita horrela.

Gainera, proiektu honen bitartez jarduketa txiki bat egingo da erdiko mailan kokatutako aparkalekuan. Aparkaleku kopuru berbera mantenduko da, baina horien banaketa berrantolatuko da espaloiaren gunea zabaltzeko, eta kalea gurutzatzeko oinezkoen ibilbide bat sortuko da. Lanen aurreikusitako egikaritze-epea 6 hilabetekoa da.

IRISGARRITASUNA HOBETZEKO PROIEKTU BERRIAK

Udalak mugikortasuna hobetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Bada, 2020ko diruzaintzako gerakinari esker 800.000 euro bideratuko dira proiektu berrietara. Zehazki, Etxatxun igogailu bat jartzeko lanei berrekingo zaie. Jarduketa hori atzeratu egin behar izan zen Koronabirusaren pandemia hasi zenean. "Koronabirusak gure lehentasunak aldatu zituen; beraz, zenbait proiektu alde batera utzi genituen gure herritarrei laguntzen zentratu ahal izateko. Hala egin genuen, eta 14 milioi euro bideratu genituen pertsonentzako, enplegua sustatzeko eta merkataritzari, ostalaritzari eta enpresa txiki eta ertainei babesa emateko", gogorarazi du Del Campok.

Etxatxuko igogailuaren proiektuari berrekitez gain, Arteagagoikoko oraingo eskailera mekanikoak ordezteko herritarrekin hartutako konpromisoa beteko da. "Izan ere, arazo eta matxura asko izaten dituzte, eta askoz ere eraginkorragoa da berriak jartzea", adierazi du alkateak. "Proiektu horien ostean, hurrengoa izango da Sortzez Garbia kaleko eskailera mekanikoak aldatzea", jakinarazi du.

SARBIDE MEKANIKOAK 7 AUZOTAN AZKEN BOST URTEETAN

Azken bost urteetan, Amaia del Campo alkatearen taldeak Barakaldoko auzoetan irisgarritasunerako elementu mekanikoak jartzeko sei jarduketa sustatu ditu. "Barakaldoko herritarren %23 baino gehiago 65 urtetik gorako pertsonak dira. Hala, gure helburuetako bat da, hain zuzen, hiria espazio atseginagoa eta irisgarriagoa izatea mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, batez ere anbulatorioen edo nagusien zentroen inguruan.

Azken urteetan irisgarritasunerako elementu mekanikoak bultzatu eta egikaritu dira honako auzo hauetan: Arrontegi, Lutxana, San Bizente, Lasesarre, Desertu Berria, Zuazo-Arteagabeitia eta Gurutzeta. "Jarduketa berri hau gure herritarrekin hartu genuen konpromisoa zen, eta laster egon ahal izango da martxan", adierazi du, amaitzeko.