BARAKALDO. Asteburu honetan Gorostitzako XC mendiko bizikleten zirkuituaren inguruan gauzatutako ekintza bandalikoak salatu egin ditu Barakaldoko Udalak. Bertan hainbat elementu hautsi eta beste batzuk zikindu zituzten, besteak beste, eta Udalak gaur goizean jarri du dagoeneko salaketa.

"Ezin ditugu onartu barakaldar guztienak diren instalazioak hondatu dituzten gizalegearen kontrako portaera horiek. Horregatik, errespetua eta erantzukizuna eskatu nahi dugu auzokide guztiok gure hiria, ingurunea eta zerbitzuak goza ditzagun", azaldu du Gorka Zubiaurre Barakaldoko Udaleko Alkatetzako zinegotziak.

Udalak Gorostitzako kiroldegiaren ondoan sortu berri duen bizikleten bidezko landa-zirkuitu berrian izan dira kalteak. Zehazki, zirkuituko seinaleetako bat bota dute, eta horren inguruan plastikozko eta zaborrezko poltsak ere aurkitu dira, inguruan botiloia egin dela adierazten dutenak. Gainera, zirkuitutik gertu dagoen bizikleta-ikuztegian kalteak eragin dira. "Instalazio horiek berriak dira, herritarrek biziki eskatu dituzte, eta ezin dugu onartu zerbitzu-aste eskasean horrela jokatu izana, erabiltzaileei eragozpenak eraginez", azpimarratu du.

Bestalde, egindako kalteak konpontzeko jarraibideak eman ditu Amaia del Campo alkateak, zirkuitua lehenbailehen normaltasunera itzul dadin. "Barakaldoko biker-kolektiboak estimazio handia dio zirkuituari, eta bandalismoagatik kexa ugari jarri ziren sareetan; horregatik, udal instalazioekiko errespetua azpimarratu nahi dut berriz ere, barakaldar guztien ondasuna baitira", esan du amaitzeko.