'Ametsen lurraldea'

Barakaldok Cristina García Roderoren erakusketa jasoko du

04.03.2021 | 17:27

BARAKALDO. Barakaldok Cristina García Roderoren 'Ametsen lurraldea' izeneko erakusketa jasoko du. Amaia del Campo alkateak artea udalerriko kaleetara eramango duen ekimen honen aurkezpenean izan da.

Andhra Pradesh estatuko Anantapurreko biztanleen eguneroko bizitza agertzen du argazki erakusketak. Indiako lekurik behartsuenetakoa da Anantapur, eta han bizi dira herrialde hartako jenderik baztertu eta ahulenez osatutako komunitateak.

"La Caixa" Fundazioaren helburuetako bat da kultura eta jakintza gizartera ekartzeko lana egitea. Dibulgazioa oinarrizko tresna bat da jendearen hazkuntza sustatzeko, eta horregatik, erakundeak lanean dihardu, jakintza adin eta prestakuntza-mailako guztietako jendearengana hel dadin. "La Caixa" Fundazioak antolatu ohi dituen kultur jardueren artean erakusketa ibiltariak egiten ditu CaixaForumik ez duten hiri eta udalerrietan, arte, zientzia eta gizarte arloetako edukien bitartez herritarrak sentikortu asmoz.

Horrez gainera, "la Caixa" Fundazioak zerupeko museo bihurtu nahi du eremu publikoa Artea kalean programaren bidez, bai eta hurbildu ere nazioarteko artista ospetsuen obra. 2006an hasi zuen Artea kalean programak ibilbidea, eta ordutik, modernotasunaren erreferente diren Auguste Rodin edo Henry Mooreren sormen-lanak ez ezik artista garaikide Monolo Valdés, Igor Mitorai edo, duela gutxi, Sebastião Salgado argazkilari brasildarrarenak ere hurbildu ditu herritarrengana.

Oraingoan, Ametsen lurraldea erakusketa aurkezten du "la Caixa" Fundazioak, Barakaldoko Udalaren laguntzaz. "La Caixa" eta Vicente Ferrer Fundazioa Indian ahulenen bizitza baldintzak nabarmen hobetzeko batera garatzen ari diren lanaren fruitu da erakusketa hau.

Anantapurreko komunitateetako bizi-baldintzak dokumentatzeko gomita egin zioten Cristina García Roderori. Hilabete eta erdiz aritu zen García Rodero ospitaleak, txartu txarren emakume biktimentzako harrera zentroak, tailerrak, eskolak eta etxeak bisitatu zituen, sarritan ahazturik daudenei ¿ neska-mutikoei, desgaituei eta, bereziki, emakumeei - ahotsa emateko argazkiak egiten. Amek, nekazariek, jostunek, sinesmen desberdinetako emaztegaiek, irakasleek, erizainek eta ikasleek eginkizun garrantzitsua dute egitasmo honetan, Anantapurreko komunitateak eraldatzezko eragile nagusietako bat baitira.

Emakume munduaren alderdirik sentiberen eta magikoenean barneratzen da erakusketa, bai eta Anantapurreko emakumeek aurrera egiteko duten indar eta gaitasunean ere. Erabateko errespetuz hurbildu zaie argazkilaria emakumeei. Temati eta neurrigabeki, ondo asko jakin du Cristina García Roderok mundu horretan murgiltzen, beren existentziaren argi-ilunak kolorez eta liraintasunez ezkutatzen dutenen alaitasunarekin eta sufrimenduarekin bat egiten.

40 argazki dira egitasmoaren emaitza; Indiako landa-eremuko komunitateak irudikatzen dituen argazki-saldoa, ikuslea gatibatuko dutenak, hain da handia konposizioaren kalitatea eta irudien bizitasuna. Indiako jendearen begirada deskubrituko dugu García Rodero argazkilariaren eskutik, denboran zintzilik dagoen paisaia batean barneratzen garelarik.

India ikusteko modu berezi bat proposatzen digu García Roderok bere lanaren bitartez, mundu konplexu eta zatikatu bat agertuz. Ikus-kode koherente eta, batez ere, transzendente bat eraikitzen du argazki bakoitzak. Arte bilakatutako irudia.

CRISTINA GARCÍA RODERO: IRAULTZA BEGIRATUAREN PARADIGMAN

Cristina García Rodero argazkilaritza unibertsalaren babeslea da, hala haren nortasunagatik, nola haren lanek Espainian eta nazioartean duten oihartzunagatik. Ciudad Realeko Puertollanon 1949an jaioa, Arte Ederretan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Lehenbiziko emakume espainiarra izan zen argazki-kazetaritzako Magnum agentzia famatuan sartzen. Haren lanen artean nabarmentzekoa da España oculta, "la Caixa"ren Arte Garaikideko Bildumaren parte dena.

Sari ugari jaso ditu, besteak beste World Press Photo 1993, Espainiako Argazki Saria 1996, FotoPres "la Caixa" 1997, PhotoEspaña 2000, Argazki-kazetaritzako Godó Saria 2000, Arte Ederretako Merezimenduetarako Urrezko Domina 2005, Gaztela-Mantxako Urrezko Domina 2016, eta, berrikitan, PhotoEspaña 2017. Jaioterrian museo propioa duen lehen emakumezko argazkilari espainiarra da.

noticias de deia